Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

775

Euskararen estrategikotasunaz

Mertxe Mujika | 2014-07-01 | 12:17:00

Dagoeneko sei urte pasatu dira Euskara Aholku Batzordean lantzen ari zen txosten baterako hurrengo pasarte hau idatzi nuenetik: behin baino gehiagotan pentsatu izan dut Jaurlaritzan Industria, Hezkuntza, Barne Saila edota Osakidetza dagoen moduan Euskara saila ere egon beharko litzatekeela. Batzuen ustez, guztiz beharrezkoa; beste batzuentzat, ordea, ez horrenbeste. Niretzat kontuan hartzekoa da. Euskararen Normalizaziorako beste akuilu bat izan daiteke, euskarak zehar-lerrokoa izan behar du.


Azken egun hauetan Eusko Jaurlaritzak Euskararen Agenda Estrategikoa aurkeztu du. Dokumentu batean bildu dira legealdi honetan euskara biziberritzeko abiatuko diren estrategiak, ekintzak, adierazleak eta aurreikuspen ekonomikoak. Ez da gutxi! izan ere, legealdia amaitzerakoan, zer ebaluatu izango dugu. Hala ere, arreta piztu didana izan da aurkezpena bera nola burutu den. Jaurlaritzako Sailburu guztiak, Lehendakaria buru, egon ziren Agenda gizarteratu zen egunean. Euskara zehar-lerro modura kudeatzeko asmoa dagoela erakutsi nahi izan da horrekin, eta, ematen duenez,mugimendu horretan kutsu estrategikoa antzeman daiteke.


Izan ere, hizkuntzen arteko berdintasuna bermatu nahi bada, eta, herritarrek hizkuntza aukera berdinak izatea nahi badugu, euskaren gaia ezin da izan bakarrik Hizkuntza Politika Sailaren ardura. Euskarak Jaurlaritzaren jarduera guztietako ardatza izan behar du, bai ala bai. Sei urte igaro ondoren, orduko hausnarketan idatzi nuena: euskarak zehar-lerrokoa izan behar du, errealitate izateko bidean dagoela ikusteak poztu nau, hori sinistu nahi dut.


Bestalde, aurkeztutako dokumentuan onartzen da gaurko egoera soziolinguistikoan hizkuntza-aukera berdintasunik ez dagoela bermatuta gure gizartean. Egoera horri buelta emateko, gainera, hainbat ekintza agertzen dira; guztiak beharrezkoak eta egingarriak, baliabide egokiekin hornitzen diren heinean. Dena dela, uste dut denok argi izan behar dugula benetako berdintasuna eman ahal izateko euskararen ezagutza unibertsala beharrezkoa dela, ezinbestekoa; eta, horrekin batera, dakigunok ahal den guztietan erabili behar dugula. Hori guztia bermatuko duen bidea markatzea eta ongi zehaztea ezinbestekoa da, beraz.


Amaitzeko, bat egiten dut Euskararen Agenda Estrategikoan irakurritako pasarte honekin " bide hau gainerako herri aginteekin eta gizarte eragileekin elkarlanean urratu nahi dugu, hori baita hizkuntzen bizikidetza ere gizarte kohesiorako zutoin bihurtzeko bermerik sendoena" Bidea hori da, aitortu diezaiogun bakoitzari berea eta has gaitezen lanean elkarrekin, norabide egokian eta helburu argiekin. Argi dago bide horrek emaitza hobeak eta emankorragoak ekarriko dituela.


EUSKARAK HORI ETA GEHIAGO MEREZI DU