Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

760

Datu objektiboen argitan, itzala da ageri

Iker Salaberria | 2014-06-02 | 13:40:52

Ohituak gaude euskalgintzan datu festa artean mugitzera. Mapa Soziolinguistikoak, Soziolinguistikazko Inkesta, Kale Erabileraren Neurketa... Gaur azterlan berri batekin egin dut topo: Datu Soziolinguistikoen bilduma Gipuzkoa 1986-2011. Taulak, grafikak, gaztak,... datuak eta datuak. Badirudi gainera, halako ikerketak errealitatearen argazki fidel eta zehatza ematen dutela. Hortxe egia! Datuak hala diote. Eta datu horien argitan gure irakurketak, ondorioak, botila betetze edo husteak (zentzu metaforikoan, noski) egiten hasten gara.


Ni formazioz ekonomilaria izan arren eta zientzia kontuetan gehiegi ibilia ez izan arren, esango nuke, ikerketa horietan guztietan badela batere egoki adierazten ez den errealitate bat. Eta hori horrela izanik, halakoetan, datuak eta errealitatea, alegia eta egia, usteak eta ustelak nahasteko arriskuak sortzen direla. Hona esandakoaren adibidea: Grafikoak ondorengoa adierazten du, Gipuzkoako 15-34 urte arteko hiztunen euskara gaitasunaren bilakaera 1986-2011 urteen artean.


Gipuzkoako 15-34 urte arteko hiztunen euskara gaitasunaren bilakaera 1986-2011 urteen artean


Iturria: EUSTAT, Biztanleria eta Etxebizitzen Estatistikak


Grafikoak, begi bistakoa den ondorengo datu harrigarria (eta argigarria?) erakusten du: erdaldunak desagertzear direla, alegia. Adin horretako gipuzkoar euskaldunak gero eta gehiago dira (1986an %40 izatetik, %67 izatera igaro dira 2011ean) eta erdaldunak berriz, galbidean (1986an %39 izatetik, 2011ean %15 izatera). Baina, kontuak horrela al dira ba… Ezta hurrik eman ere! Erdaldunak desagertzetik urrun, ez dira %15eko multzoa izatera mugatzen, %100 dira eta erdaldunak! Datuek ordea oso bestelako irudia marrazten dute. Euskaldunon eleaniztasuna eta erdaldunen elebakartasuna ezkutatzen baita datu horien atzean.


Beraz datuak horrela ematerakoan, esango nuke, ageriko distortsioa sortzen dela. Irudi faltsua guztion pertzepzioan edo imaginarioan. Erdaldunei buruz hitz egin ordez, erdaldun elebakarrei buruz hitz egin beharko baikenuke eta euskaldunei buruz hitz egin ordez, euskaldun eleanitzei buruz. Hala egin ezean, euskara gutxi erabiltzen dela bezalako tesi okerrek indarra hartzen baitute, datuen… itzalean.