Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

688

Nola jokatu zerbait lortzeko?

Joanmari Larrarte | 2014-03-21 | 11:30:34

EITBko enpresetako hizkuntza eskakizunen gaia dela eta, EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean adostu duten testuak euskalgintzan arantzatsua den gai bat ekarri dit gogora: nola jokatu behar dugu hizkuntza politika baldintzetako eta urrats berriak egitea lortzeko? (Edukiak ere badu gogoetarako nahikoa mami, eta hurrengo egunetan eutsiko diogu horri).


Askotan, euskalgintzan auzitan jarri izan dira zenbait mezu, kanpaina eta jokabide, maximalistak direlako, oso helburu altuak jartzeak ez duela onik egiten, kontrakoa baizik, eta pragmatikoak izan behar dugulako. Zenbat aldiz entzun ote dugun hori!


Azter dezagun Eusko Legebiltzarrean gertatutakoa. UPyDk gogor ekin dio EITBk aurkeztutako proposamenaren kontra, zeinaren oinarrian dagoen langile guztiak euskaraz jakin behar dutela. UPyDk dio erdarazko hedabideetan ez dela arau hori zertan bete, eta atzera bota behar dela proposamena. Ondoren, zer gertatu da? Horri aurre egin eta EITBren proposamena indartu beharrean, EAJk eta EH Bilduk eskatu diote hari "errespetatu ditzala EITBko langileek bere postua lortzeko izan zituzten baldintzak, eta ez dezala inor baztertu, bere garapen eta promozio profesionalerako eskubideei dagokienez, arrazoi linguistikoak medio". Alegia, euskara ez dakitenek jarraituko dutela lanean hedabide publikoan, eta behartuko dituztela euskaldunak erdaraz aritzera. Ez zaie bururatu testu berean euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatu behar direla eskatzea, eta esatea euskalduna ezin dutela behartu erdaraz aritzera. Hori ez, zertarako? (Baina tira, mamiaz beste batean ariko garela esan dugu)


Azken batean, EITBk behin urrats sendo bat egin duenean, Eusko Legebiltzarrean gehiengoa duten alderdi "ustez" euskaltzaleek ez dute gaitasunik, besterik gabe, UPyDren proposamena atzera botatzeko. Erdibide bat topatu beharrean ikusten dute beren burua, hala azaldu dute behintzat BERRIAn: proposamena atzera botatzeko ezinbestekoa izan omen da euskararen normalizazioak behar dituen akordioak lortzeko. Azalpen zehatzagorik gabe, egia esan, ulertu gabe jarraitzen dut.


Ondorioa zein da, atzera egin dela, euskarak behar dituen neurrietan atzera egin dela. UPyDk lortu du nahi zuena, proposamena baldintzatzea eta euskaldun txepelok, konplexuz betetakook, berriro ere atzeraka hastea, akordioaren izenean, erdibidearen bila. Baina ez dago erdibiderik, euskararen kontrakoak muturretik abiatzen diren bitartean, euskaldunak erdibidetik abiatzen garenez, beti bukatzen dugu mutur batetik gertuago, kontrakoen aldean.


Muturreko proposamenek ez dutela balio? Adibide xume honek erakutsi digu baietz, besteek muturreko jarrreak dituztenean, zu ere muturretik abiatzen bazara, seguruago dela erdibidea, pragmatikoa izanda baino, akordio beharrak atzera egitera eramango zaituelako. Euskararen gaietan, bederen, horrela funtzionatzen du; "gai garrantzitsuetan", irmoago jokatzeko gai dira politikoak, ez izan zalantzarik.