Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

686

Nork neurtu dezake galeraren tamaina?

Koldo Colomo | 2014-03-20 | 22:03:48

Nork egin dezake galeraren neurketa?


Sarritan entzun behar izaten dugu ekonomiaren garapenerako hizkuntza bakar bat erabiltzea ezinbesteko baldintza dela komunikazioan. Hala ere, zoritxarreko baieztapen hau elebakarren militantzia sustatzeko mito bat baino ez dela esanen nuke nik. Izan ere arlo honetako adituek diote beste faktore batzuk direla eragingarriak: gizarte kohesioa, gizabanakoaren talentua, parte hartzeko prozedurak, balio etikoak, abertzaletasuna -era irekian eta positiboan ulertuta-, hezkuntza eta kultura.


Sarritan ere entzun behar izaten dugu hizkuntza txikiak edo tokiko hizkuntzak ez direla baliogarriak ekonomiaren garapenerako, ez direla tresna egokiak mundu globalizatuan edo probintzianismoaren ezaugarria baino ez direla. Alabaina, adituek ederki dakite hizkuntza berezia izateak komunitateari autoestimu altua ematen diola eta maila unibertsalean ere lehiakorrak izateko tresna kontzeptual eta linguistiko apartak eskaintzen dizkigula. Izan ere tokiko hizkuntzek ezagutzak eta balioak eskaintzen ahal dizkigute, egin behar dugun garapena jasangarria izan dadin. Gainera, euskaldunok ongi dakigu gaztelera eta euskara jakiteak abantaila handia ematen digula hirugarren edo laugarren atzerriko hizkuntza bat ikasteko unean; eta atzerriko hizkuntzei esker munduari gure berezitasuna eskaintzeko ahalmena izanen dugula. Dudarik ez dago, komunitate txikiek ere, espezializazioaren bidez, garapen maila altuak lor ditzakete etorkizunean, kolore eskaseko munduko merkatuan gero eta gehiago baloratzen baita jatorrizkoa eta errepikaezina dena.


Ideia hauen argitan Nafarroako egoeraren inguruko gogoeta xume bat egin nahiko nuke lerro hauetan eta, bidenabar, ekonomia arloan trebea den edonori gonbidapena luzatu nahiko nioke ekonomikoki dugun potentzialaren galeraren tamaina atera dezan.


Euskaldunon komunitatea baztertuz Nafarroako gizarte kohesioa ez dago indartzerik eta krisi garaian behar beharrezkoa dugu edozein indartze eta batuketa mota. Euskarazko adimenari eta produkzioari dirulaguntza zero emateak edo euskaldunon komunitatearen produkzioa sozialki baztertzeak, inbisibilizatzeak edo desprestigiatzeak zailtasunez lagun lezakeen nafar bakoitzaren talentuari bidea ematen. Milaka urtetan toki berean eta bertoko hizkuntza dugun euskarak eman liezaizkigukeen ekarpenak estigmatizazioaren izenean baztertzen badira, zein da euskal kulturak ematen ahal digunaren galeraren tamaina?. Eta zein da munduko beste herriekiko hizkuntza honek eman ditzakeen liluraren edo erakargarritasunen onura ekonomiko galduak? Euskaldunok botere edo erabakitze-guneetatik kanpo uztea nafar biztanleriaren ia %30 ahotsik gabe uztea da. Parte hartze eza honetan, zenbat galtzen dugu nafar guztiok?. Euskal komunitatearen aurkako egindako kanpainetan gezurra, manipulazioa, trikimailuak edo zurikeriak baliogarriak badira komunitate bat suntsitzeko, zer etika mota bultzatzen ari garen gure gizartean? Diferenteekin jokatzeko unean, zer eredu bultzatzen ari da nafar gobernutik?. Euskararen kultura ezagutzeari mugak eta zonifikazioak jartzen badizkiogu, nafarrontzat benetan onuragarria izanen da?. Auto-gorrotoa bultzatzea, osasungarria izanen da nafar gizartearen autoestimurako?. Euskarazko komunitateak eta gaztelerazko komunitateak kultur eta garapen erreferente ezberdinak izateak eta batzuk ikusezinak izateak, gizartean eragin onik al du?. Nafarrok dugun aniztasunari uko egiteak, berezitasuna eta espezializazioa baloratzen den merkatu batean lehiakorragoak egiten gaitu?


Nork egin dezake kalkulua denok jakin dezagun zenbat indar eta aukera alferrik galtzen ari garen Nafarroan?


Argi dago UPN-k ez duela gaitasunik sikiera aferaz ohartzeko. Edo agian pentsatu beharko genuke ez duela benetako interesik Nafarroako garapena sustatzeko. Argi dut garapen ekonomikoa eta soziala lortzeko, kultura aniztasunaren baloratzetik eta kudeatzetik abiatu beharrean gaudela. Larunbateko manifestazioa ez da soilik izan behar nafar euskaldunon komunitatearen kezka eta larritasuna adierazteko, zer eta nola nahi dugun Nafarroako etorzkizuna erabakitzeko baizik .


Nork neurtu dezake galeraren tamaina?