Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

672

Egitasmo sendoak behar dira

Joxemari Sors | 2014-03-12 | 16:29:42

Kulturan aurrera eraman nahi diren, eta estrategiakoak omen diren lan lerroak adierazi ditu Jaurlaritzak. Aurkezpen zabal batean, kultur bonua kentzearen arrazoiez, kultur txartel berri bat sortzeaz eta asmo zabaleko mailegu digitaleko proiektu bati buruz hitz egin da.


Garai gogorrak bizi ditugu maila askotan, baina kulturan berriz ere artaziak bereziki zorroztu dituzte. Laguntzak behera doaz, eta egonkortasunera eramango gaituzten epe luzeko proiektu gutxi ikusten dira mahai gainean.


Kultura bonuari dagokionez, izugarria izan da berau kentzearen eragina. Nahiz eta Jaurlaritzak, Gabonetan bestela ere kultura kontsumitzen dela esan, azken Gabon hauetako datuak oso adierazgarriak dira. Herrialde guztietan egin du behera kultur kontsumoak, eta aurten bereziki nabarmena izan da, aurreko krisi urteekin alderatuz. Bizkaiko Foru Aldundiak atera duen Bizkaiko Kultur Txartelak, Bizkaian eragin positiboa izan du, eta salmentak mantentzea ahalbidetu du. Horrez gain, Kultur Txartelaren laguntza denboran zehar luzatu dute, udaberrian ere hura erabili ahal izateko aukera emanaz. Ekimen honek bide berri bat irekitzen du, kultur beharrak beste modu egokiago batean beteaz. Gabon garaian laguntzak beharrezkoak dira, eta are gehiago, kulturan, baina urte osoko plangintza baten falta sumatzen da.


Une larrienetan behar da sostengua, eta horregatik denboran jarraipena izango duen plangintza bat beharko litzateke; batez ere, udaberri eta udazkeneko kontsumo jaitsierak suspertuko dituena, urtean zehar kulturaren presentzia bultzatuz eta balioa erantsiz.


Ez dezagun ahaztu, euskara, egitasmo guzti hauetan bereziki zaindu beharreko alorra dela. Bere txikitasunean, erronka eta kontsumo modu berriei egokitzeko hauspoa behar du, diskriminazio positibo baten bidez. Gure kulturaren muina da gure hizkuntza, eta denon ardura da, bereziki erakundeena, hura zaintzea.


Egoera honen atzean, azken finean, kulturaren ikuskera okerra dago. Erakundeek, laguntzen menpe dagoen sektore baten moduan ikusten dute kultura, eta ez herrialde honetako industria bat gehiago bezala. Industria orok bezala, herrialde honetako ekonomia eta enpleguan eragin positibo zuzena duen industria bat da, eta horregatik gainontzeko industriek bezalaxe, bere planak eta erakundeen laguntzak behar ditu aurrera jotzeko. Segida izango duten eta sendoak izango diren plangintzak, eta ez politikoki eta interesen arabera egokitzen direnak. Ezinbestekoa da, beste herrialdeetan egiten den bezala, kultur industria gorpuztu eta lerro nagusi batzuk hitzartzea. Erronkak lortzeko eragile egokiak bila ditzagun, edozein interesen gainetik herri honen kultura eta hizkuntza bermatzeko tresnak edukiko dituena.