Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

660

Euskal hedabideek urrats berriak

Joanmari Larrarte | 2014-03-07 | 12:36:04

Krisiari aurre egitea ez da erraza, eta euskal hedabideentzat ez da samurra proiektuak indartzen joatea diru-sarrerak jaisten ari diren neurrian (salmentak, publizitatea eta diru laguntzak jaisten joan dira azken urteetan). Hala ere, azken asteetako mugimenduak ikusita, badirudi, zailtasun guztien gainetik, euskal hedabideak sendo daudela, proiektuak eta ekimenak ez direla falta eta etengabeko berrikuntzan ari dela sektorea.


Azken asteotan ezagutu ditugu hainbat egitasmo. Jakin urrats sendoak eginez agertu zaigu, aldizkaria berritu, webgunerako apustua egin eta proiektua aberastuz, pausu handia benetan. Tokiko hedabideen artean, Hernaniko Kronikak bere eremua zabaldu eta Urumeako Kronika izateko urratsa egin du; Anbotok ere zabaldu egin du bere eremua Zornotzara zabalduta; eta Bilbon agerkari digital berria abiatu dute, Uriola. BERRIAk, berriz, webgunea berritzeari ekion dio, eta hurrengo hilabeteetarako berrikuntza eta asmo gehiago azaldu ditu. Hurrengo asteetan ere etorriko da ekimen gehiago.


Bada kontuan hartzekoa euskal hedabideen sektorearen ekimena, etengabe berritzeko eta ingurura egokitzeko ahalegin bizian ari dela erakusten baitu. Ikusten denez, bada indarra eta kemena, bada ilusioa ere. Orain, horiek laguntzeko ekimen politikoa behar da instituzioetatik. Ekintzaile izan behar omen da egoera ekonomiko honi buelta emateko, hori diote etengabe instituzioetatik. Euskal hedabideen artean agerikoa da ez dela ekintzailerik falta.