Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

651

Urtesasoiak.com webgunea martxan

Koldo Tellitu | 2014-02-25 | 23:52:52

Urteko sasoi nagusiei lotutako ospakizun eta ohituren inguruan, euskal herrietan gorderik dagoen altxorra egokitu eta plazaratzeak eta lekuan lekuko ondarea jasotzeak duten garrantziak bultzatuta, Ikastolen Elkarteak eta Labayru Ikastegiak 1997-2000 urteetan kaleratu zuten Urte-Sasoiak egitasmoa. Urte bakoitzean urteko sasoi bati buruzko lana argitaratu zen. Orduan sortutako materialak hiru euskarritan argitaratu ziren: bideo, audio eta liburu formatuetan.

Orain, lan hori webgune bilakatu da. Eduki horiek sarean ipini ditugu, guztien ikusgarri. Bertan erakusten dira orduan argitaratu ziren testuak, argazkiak, audioak eta bideoak. Lehenagokoekin batera, hainbat argazki berri gehitu dira webgunerako.

Egitasmoak jatorrian helburu didaktikoa izan bazuen ere, edozeinek erabiltzeko modukoa da: etxean, eskolan, unibertsitatean… Euskal kultura ezagutzeko jakin-mina daukan guztiarentzat da egokia.

Egitasmo berritu honek, aurreko osagai guztiez gainera, aukera gehiago eskaintzen ditu: euskarri guztiak uztartuta daude eta aldi berean erabil daitezke gaika aukeratuta; aurkibidea agerian dago, eta bertatik jo daiteke kantu, azalpen eta bideoetara, nahi den gaiaren berri izateko; lau hizkuntzatan garatuta dago (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa); sarean dagoenez munduko edozein bazterretatik kontsulta daiteke…

Orain ere, gure ustez ezinbestekoa da jabetzea euskaldunon mendeetako ohitura, usadio eta ospakizunak ezagutzeaz gainera haiek nondik datozen eta denboran zehar zer bilakatu diren ikasteak duen balioaz. Era berean, kultur ondare hori gurera iritsi den bezala, guk ere gure ondorengoei transmititzeak duen ezinbesteko garrantzia ere azpimarratzen dugu. Eta horrek gure hezkuntza sisteman, Euskal Curriculumean, presentzia izan behar du.

Bestetik, ondare horren transmisioa haurretatik gurasoetara ere egiten denez, eta zehazki gurera etorri berriei buruz ari naiz, webgune honek bide hori errazteko duen balioa ere aipagarria da. Euskaraz gainera, beste hiru hizkuntzatara itzuli ditugu edukiak, eta hori, noski, lagungarria da euskaraz mintzo ez direnentzat.

Azkenik, euskaldunon ondare hau ez da euskaldunona bakarrik. Balio unibertsala dauka, eta hori ere azpimarratu beharrekoa da. Webguneari esker, mundu osoari erakutsiko diogu. Leiho aparta dugu, alde horretatik, UrteSasoiak.com