Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

646

Nafarroako Gobernuaren utzikeriaren gainetik, euskaltegiok aurrera!

Mertxe Mugika | 2014-02-20 | 08:57:48

Azken urteetan, Nafarroan, euskaraz bizitzeko orduan, gero eta oztopo gehiago aurkitzen dugu Nafarroaren Gobernuaren aldetik. Ahaztu dute, nonbait, euskara dela “Lingua Navarrorun”, eta, are gehiago, Nafarroako jendartearen nahiari muzin eginez, euskara desagertarazteko ahalegina izugarria da.

Nafarroako Gobernuak behin eta berriz hartzen dituen erabakietan ikusten da euskarari dion amorrua. Bere hizkuntza politikan duen helburu nagusia da euskara Nafarroako mapatik kentzea. Bestela, nola ulertu daiteke zerrenda luze hau: D eredua zabaltzearen kontra Euskararen Legeak ezartzen duen zonifikazioa erabiltzea, D eredua kakazteko ahaleginak, elkarbizitzaren aitzakian D ereduko ikastetxeen funtzionamendu erdaldun nahia, Euskalerria irratiari lizentziarik ez emateko erabilitako trikimailuak, euskarazko komunikabideak diru-laguntzarik gabe utzi izana....

Zerrenda amaigabe horretan, tamalez, Nafarroako AEK eta IKA ere sartu behar dira; hau da, herri ekimeneko euskaltegiak. 12-13 ikasturteari zegozkion diru-laguntzen ordainketa bertan behera utzi zuten aurrena, eta aurtengo ikasturteari dagokionez, bada, oraingoz ezer ez.

Egoera gogorra da, baina Helduen Euskalduntzean inolako sustapenik zein planifikaziorik ez badago ere, AEKk zein IKAk lanean segitzen dugu, azken 40 urtetan egin dugun bezala. Gobernuak egin beharreko lana guk egiten dugu, eta Nafarroa osoan: herritar euskaldunen dentsitatea igotzen laguntzen, euskaraz bizi nahi duten jendeari bideak zabaltzen, ikasi nahi duen herritar helduen euskara ikasteko eskubidea bermatzen...

Horren guztiaren aurrean, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika okerra salatu behar da, eta euskararen aldeko benetako hizkuntza politika eraginkorra aldarrikatu. Izan ere, hizkuntza politika zuzen batek ekarriko baitu euskararen normalizazioa, eta horrek bermatuko du euskaldunon euskaraz bizitzeko nahia.

Horregatik, AEKk eta IKAk Gobernuaren egoitzaren aurrean, hilero, mobilizazio iraunkorra burutuko dugu. Bitartean, lanean tinko jarraituko dugu, euskaraz ez dakitenei euskara irakasten, euskara erabiltzeko aukerak zabaltzen, finean, nonahi eta noiznahi euskaraz bizitzeko aukerei bide ematen!!