Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

630

Arbitraia, euskararentzat zailtasunez beteriko beste eremu bat.

Koldo Tellitu | 2014-02-06 | 22:17:28

Joan den asteburuan, bizkaian, aurremini mixto partidu batean (LH 3, eta 4. mailako jokalariak), eskola laguntzaileak (bizkaian arbitraia lanak egiten dituen kidea izendatzen da horrela) arau hauste baten berri ematen zuen bakoitzean (falta, bikoitzak, urratsak...), xehetasun handiz azaltzen zien jokalariei bere erabakiaren zergaitia.

Poztu ninduen bere jarrerak, normalean eskola laguntzaileek jarrera pasiboagoa izan ohi dute, hau da pitatu eta listo. Baina pixkanaka LH3. Mailako jokalariak batez ere ez ulertu izanaren begirada eta keinuak egiten zituztela ohartu nintzen, ala elkarri galdezka hasten zirela eskola laguntzaileak hitzegin ondoren.

Izan ere LH 3.mailako jokalariak dira, ikastolan gaztelania irakasmenak hasi berriak dituzten ikasleak eta oraindik ere ez dute hizkuntza hori arbitroaren azalpenak ondo ulertzeko moduan menperatzen, eta are gutxiago partidu baten testuinguruan, zeinetan daukaten adinerako nahiko lan badute entrenatzaileak emandako gomendioak gogoratzen.

Horrela ba, gure entrenatzailea, gertatzen ari zenaz ohartuta bera ere, modu egokian arbitroarengana zuzendu zen eta umeei azalpenak euskaraz ematerik balu eskertuko liokela azaldu zion. Arbitroaren erantzuna, euskaraz, “ez dakit euskaraz” izan zen.

Horrela ba arbitroak jarritako ahalegina jokalariek bere erabakiak uler zitzaten eta modu egokian jokaldian egin zitzaten ezerezean geratu zen.

Kezkagarriena eskola laguntzailearen adina zen, 20 urte inguruko mutikoa, hau da, ia seguru “b” ala “d” ereduan eskolatutako ikaslea, baina azalpenak euskaraz emateko gai ez zena. Horrela ba, eskolaz kanpoko jardueren eremuan, hizkuntza normalkuntza beharrean dagoen beste arlo bat, kirolarena, zeinetan ikastetxeetan egiten den lana ezerezean geratzen den arbitroek euskaraz hitzegiteko gaitasunik ez baldin badute.

Nahiz eta euskaraz entrenatzeko gaitasuna duten entrenatzaileak izan, partidua jokatzen ari denean gaztelaniaz aritu beharrean jartzen baditugu gure jokalariak, azken batean, egunero-egunero egiten dugun lana ezerezean geratzen da, berriro ere benetan jakin behar den eta balio duen hizkuntza gaztelania dela barneratzen dute, euskaraz jakitea oso ondo dagoela baina, arbitroak azalpenak gaztelaniaz ematen dituela “guztiontzako”.

Honetan erakundeen ardura ere kontutan hartu beharrekoa da. Arbitroei dagokienean ezagutu izan ditugu ekimen oso interesgarriak, adibidez Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritakoa, txartela beltzarena, jokalari, ikusle zein entrenatzaileek izan ditzaketen jarrera desegokiei kargu hartzeko helburuarekin sortutakoa.
Hau ikusita arreta ematen du arbitroen euskararen erabileraren inguruan EZER ez egoteak, inolako pizgarri ala euskararen sustapenerako baliagarriak izan daitezkeen kanpainarik, inolako ekimenik ez eskolaz kanpoko ekintzak euskalduntzeko. Berriro ere ikastetxeek hartu behar dute eskola laguntzaileak euskaraz hitzegiteko gaitasuna duen eta jokalariengana euskaraz zuzentzen den zaintzeko ardura, ilusio handiz egiten dugun lana, zalantzarik barik, baina ez legoke gaizki honetan ere erakunde desberdinen babesa izatea.