Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

620

Euroituna arrisku?

Paul Bilbao | 2014-01-28 | 20:13:12

Oraintxe BERRIAko azalak aspaldi espero genuen lerroburua dakar: Frantziako Parlamentuak Euroituna berresteko proposamena onartu du gaur. Behatokian lanean hasi nintzenetik ez dakit zenbat forotan eskatu dugun Frantziako Gobernuari konpromiso hori hartzeko gonbita egin diezaiotela.


Jakinki Euroitunak ez dituela euskaldunon eskubideak bete-betean bermatuko, eta euskarak lege-koadro egokia behar duela, gutxieneko gisa eskatu izan dugu Frantziako Estatuak nazioarteko estandarren aurrean beste jarrera bat har dezala. Eta, egia esan, nazioarteko hainbat instituziotatik egin diote eskaera hori Frantziako Gobernuari.


Halere, Euroitunaren berreste-prozesu pozoiduna aurkeztu dutela iruditzen zaigu. Izan ere, sozialisten hasierako proposamenean, Euroituna berretsi ahal izateko Frantziako Konstituzioak berariaz jaso beharko luke eremu publikoan, administrazioekin, frantsesa izango dela hizkuntza bakarra.


Gurea bezalako hizkuntzen sustapena ahalbidetzen duen Itun bat berresteko frantsesaren derrigorrezko erabilera ezartzea iruzur egitea da. Eta Euskaldunok aski ongi dakigu zer den Euroitunarekin iruzur egitea; Espainiako Estatuak dokumentu hori berretsi zuenean, konpromiso nagusienetatik kanpo utzi baitzuen Nafarroaren zatirik handiena.


Diputatuek beste testu bat aurkeztuko dutela iragarri dute. Espero dezagun bestelako edukiak jasotzea, baina ez gara fido. Izan ere, Frantziako Asanblada hizkuntzen inguruen eztabaidatzen ari den bitartean, Prefetak Beskoitzeko ikastola auzitara eraman du. Borondate eskasa, beste behin.


Ez nuen uste sekula Euroituna arrisku izenburua izango zuen ezer idatzi beharko nuenik. Ez nuen uste, baina halaxe da. Hamaika ikusteko jaioak gara, eta euskaldunok hamaika eta bi!!!