Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

564

Euskarazko bikoizketaren egoera...umeen fikzioa zein hizkuntzatan?

Koldo Tellitu | 2013-12-08 | 23:09:26

Abenduaren 4ean, Euskararen nazioarteko egunaren ondorenean, bikoizlari batzuekin bilduta izan nintzen, euskarazko bikoizketaren 2013ko egoeraren berri emateko eragile desberdinekin egiten ari diren errondaren barruan. Bat-batean burura etorri zitzaizkidan aurreko eguneko diskurtso instituzional guztiak, euskararen normalkuntzarekin konpromesuz betetako adierazpen guztiak.

Krisia ordea gurean dugu, eta adierazpen guzti horiei errealitatea gailentzen zaie. Ematen duenaren arabera euskararen eremu hau, bikoizketarena, instituzioek ez dute guztiz premiazkotzat jotzen euskararen normalkuntzarako bidean. Hauxe da behintzat jasan duten etengabeko finantzaketa publikoaren beherakada azaldu dezakeen argudio bakarra. Bikoiztutako ordu kopurua 1992 urteko 1100 ordutatik 2013 urteko 130 ordutara jaitsi da eta gainera ez dago jakiterik atzerakada horren hurrengo pausua zein izango den.

Seguru ordezkari instituzional batek baino gehiagok murrizketa hau justifikatu nahian krisia aipatzeaz gain film eta telesailen bikoizketak euskararen normalkuntzan eragin oso txikia duela esango duela, eta eraginkorragoak diren beste potitika batzuk hobetsi beharra dagoela, baina nik uste dut hori ez dela erreala, eta bada ere herrialderen bat azpitituluak berriro alde batera utzi eta bikoizketara itzuli dena ere.

Behin baino gehiagotan mintzatu naiz aisirako euskarazko ikusentzunezkoen atalean dagoen aukera murritzaz, batez ere 7-12 urte bitarteko umeentzako. Adin horretararte, euskarazko eskaintzak umeen betebeharrak nola hala asetzen dituela ezin esan bada ere, minimo onargarri bat badela uste dut, ipuinak, pailazoak, jolas didaktikoak eta telebistako eskaintza bera ere kontutan hartuta. Baina 7 urtetara iristen dira eta zinema deskubritzen hasten dira, zientzia-fikzioa eta super heroiak atsegin dituzte, Disney telesailak, bideo kontsolak eta komikiak eta horrat, euskarazko eskaintza existitzen ez dela ala guztiz murritza dela ohartzen dira ere. Xabiroi eta beste ezer gutxi dute.

Eta noski, jolasean, fikzioarekin lotura duten jolasetan gaztelera euskera ordezkatzen hasten da, izan ere mundu berezi horiek gazteleraz bakarrik ezagutzen dituzte eta umeek. Eta errealitate krudel horretaz ohartu eta buelta eman nahian hasten garenean adin tarte horri zuzendutako azken filmetariko bakar bat ere euskerara bikoiztuta ez dagoela ohartzen gara. Ia ezinezkoa dela euskarara bikoiztutako bideo-jolas arrakastatsu bat aurkitzea eta Disney produkzioak gureen gainetik pasatzen direla bai ala bai. Kuriosoki, zinema jatorrizko hizkuntzan eman eta azpititulatu egiten den herrialdeetan, gaztetxoenei zuzendutako pelikulak bikoiztu egiten dira.

130 bikoizketa orduk oso gutxirako ematen dute eta inbidiaz ikusten dugu nola Catalunyak 2000 ordu dituen, 8 milloi euroko aurrekontuarekin. Haiek 30 pelikula bikoizten dituzte, guk 6. Agian gutxitutako hizkuntza baten bikoizketaren eremuan oker dabiltzala irudituko zaio norbaiti, baina niri ez. Gaur egun gazteek beraien ume denborako serieren batetaz aritzen direnean, dragoi bola adibidez, euskaraz gogoratzen dute oraindik ere.

Badakit koxkortzen diren heinean interes berriak sortzen zaizkiela gaztetxoei, musika, literatura eta bestelako arloetan eta horietan euskarazko eskaintza zabala bada berriro ere. Euskararen aldeko militantzia dosi handi batekin nahastuta bere gaztaroa euskeraz bizitzea posible dute, nahiz eta seguru nagoen euskarazko pelikula eta komiki gehiago ere eskertuko lituzketela.

Baina benetan kezkatzen nauena aurrerago aipatu dudan adin tarteetan bikoizketarik eza da, eta ea norbaitek fenomeno hau aztertu ote duen, euskeraren normalkuntzan gai honek izan dezakeen eragin negatiboaren sakontasuna neurtua ote dugun. Ea neurtu ote dugun fikzioa gazteleraz bizi duten ume horiek, euskarazko erreferenterik ez daukatelako, gero egoerari buelta ematen ote dioten ala ez. Nik badakit, etxean ikusi dut eta, euskerara itzultzen direla baina, guztiak itzultzen al dira?