Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

543

Aurtengo matrikulazio datuak euskaltegietan: nolako musika, halako dantza

Mertxe Mugika | 2013-11-21 | 13:54:51

Aurreko egunetan, HPSko arduradunek, 13-14 ikasturte hasieran euskaltegietan eman den matrikulazioaren berri eman zuten prentsaurreko baten bidez. Ohi den bezala, datuak ematen diren bakoitzean, nork bere iritzia ematen du. Nik neuk ere lerro hauen bidez nire iritzia plazaratuko dut.


HABEk emandako datuen arabera, EAEn ikasle jaitsierari galga jartzea lortu da. Aurreko ikasturteko % 7ko jaitsieratik % 1eko galera izatera pasatu da. Horrela ikusita, euskaltegietan ikasleak galdu egin direla esango du batek baino gehiagok. Kolpean begiratuta hori horrela dela ezin da ukatu. Alabaina, joera baten seinale moduan ulertzen dut; norabide positiboan emandako urrats bat, are gehiago, kontuan hartzen badugu bizi dugun egoera sozioekonomikoa zein den.


Esan bezala, aurreko datuak EAEn emandako batez-bestekoak dira. Uste dut komenigarria dela herrialdeak banan-banan aztertzea, izan ere, datuen bilakaera ez da berdina herrialde bakoitzean, euskaltegi batetik bestera berdina ez den bezala.


Horrela, Gipuzkoa izan da ikasleak irabazi dituen herrialde bakarra; 411 ikasle gehiagok eman dutelarik izena; gainontzeko bietan, ostera, ikasleak galdu egin dira; Araban 182 ikasle eta Bizkaian 355 ikasle. Ez da aurreko ikasturtean galdu den adina, baina ez dira ikasle berriak irabazi.


Askok galdetu dute zergatik eman diren emaitza hauek. Arrazoi bakar bat aurkitzea zaila da, baina ni ausartuko naiz hiru aipatzera:


1. Diru laguntzak. Uste dut ikasleei bideratutako diru laguntzek berebiziko garrantzia dutela. Ikasturte honetan, EAEn ikasleentzako diru laguntzak berreskuratu egin dira, horrek zer ikusia du Bizkaia eta Araban azken urteetako galeraren moteltzearekin. Gipuzkoan, laguntza horiei, Gipuzkoako Foru Aldundiak udalen bitartez banatu dituen diru laguntzak gehitu behar zaizkio. Hori da, beraz, arrazoi nagusienetariko bat, nagusia ez bada.


2. Azken urteetan, beste hizkuntza batzuk ezagutzea zein ona eta beharrezkoa diren moduko diskurtsoak puri-purian egon dira eta horiek ez dute asko lagundu euskaltegietan izena emateko orduan. Esaterako, aurreko legealdian Osakidetzako arduradun nagusiak esandakoak edota Kontsumitzaileen dekretua indar gabetzeak, kalte besterik ez zion egin euskararen prestigioari. Orain, euskara hasi da izen ona berreskuratzen: antza, gero eta barneratuago dago euskara beharrezkoa dela. Gipuzkoako datuei berriro erreparatuta, uste dut herrialde horretako politika zehatzak eragina izan duela.


3. Irailean zehar egindako matrikulazio kanpainak: euskaltegi sare bakoitzak berea egin du eta horretaz gain, euskaltegiek elkarlanean agerraldi bat baino gehiago burutu dugu askotariko eragileekin batera, "Zatoz Euskaltegira" lemapean. Batasun horrek lagundu duelakoan nago.


Orain arteko guztia, EAEko euskaltegietan gertatutakoen gainean idatzita dago. Baina euskaltegiak euskararen lurralde osoan daude hedatuta, eta aurten inon datu onak izatekotan, Iparraldean eta Nafarroan izan dira, bietan irabazi egin dira ikasleak: aurreko ikasturtearekin alderatuta, % 7 gora egin dute. Eta, zer gertatu da hori horrela izateko? Bada, herrialde hauetan egoera bestelako bat da: Iparraldean, langileek formaziorako fondo bat dute eta aurten ikasle asko izan dira fondo horretaz baliatu direnak. Nafarroan, berriz, zenbait udalek badute beka sistema, baina ez dago konparatzerik EAEn ematen denarekin. Iparraldean eta Nafarroan ere, irailean egindako matrikulazio kanpaina izugarria izan da, EAEn bezala, eragile askorekin elkarlanean burutu izan baita.


Ikusten denez, ikasle beherakadari jarri diogu galga. Baina, uste dut oraindik, herrialde guztietan gora egiteko aukerak egon badaudela. Euskara, egoera desorekatu batean dago eta, orekatzeko urratsak ematen jarraitu behar dugu. Jendartean, erdiak baino gehiago erdal elebakarrak dira eta horiek erakarri behar ditugu euskaltegietara. Erronka hor dago, azter ditzagun aurtengo ikasturtean datu hauek emateko ze baldintza eman diren eta jar ditzagun neurriak datorren ikasturtean hobeak izan daitezen; euskaltegiok, ikasleen beharretara egokitzen eta administrazioek, behar diren baliabideak bideratzen. Guztion artean baietz lortu!!