Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

530

Aurrekontuen harira

Mertxe Mugika | 2013-11-13 | 18:47:46

Dagoeneko sartuak gara urte bukaerako sasoian eta, horrekin batera, administrazio desberdinek datorren urterako aurkeztu duten aurrekontuen ingurumarian. Eragile asko eta asko gara aurrekontu-proposamen horiek arretaz aztertzen ditugunok. Izan ere, agerikoa da proposamen horietan aurreikusten diren zenbakiek eta joerek zer-nolako eragina duten gure jardueran.


Aurreko egunetan, HABEren aurrekontu-proposamenaren aurkezpenean izan ginen euskaltegietako ordezkariok. Eskertzen den saio horietakoa izan zen; oso argigarria, finean. Bertan aurkeztutakoaren arabera, egun dugun beste baliabide bideratuko da euskaltegietako jarduerarako; ikasleen diru-laguntzetarako kopuruak, berriz, %14ko hazkundea izango du. Bestalde, aurkezpen-saioan, Administrazioa euskalduntzeko arloan antzematen diren joera batzuen zantzuen berri eman ziguten, besteak beste, Osakidetza eta Ertzaintza sailak euskalduntzen jarraitzeko bitartekoena.


Aspaldi jasaten dugun krisi ekonomikoa aintzat hartuta, batek baino gehiagok pentsa eta esan dezake balekotzat jotzeko moduko aurrekontu-proposamena dela datorren urterako hori. Euskaltegietako ordezkariok ez dugu zalantzan jarri egindako ahalegina, eta horrela esan izan dugu behin baino gehiagotan.


Esanak esan, ondorengo lerroetan agertzen den hausnarketa ere egin beharra dago, zeina behar den guztietan adierazi eta zabalduko den. Hasteko, esan beharra dago euskaltegiok bi sarrera mota ditugula: batetik, ikasleek ordaintzen duten matrikula-saria; eta, bestetik, HABE erakundetik eskolak emateagatik jasotzen duguna. Hala, kontuan hartzen baldin badugu azken urteetan HABEren laguntzak ez duela inongo doikuntzarik izan, ikasleen matrikula-saria izoztuta dagoela, ratioak inoiz baino baxuagoak direla, eta ikasleek ordaindu beharreko dirutza nolabait arintzeko eskaintza bereziak egin ditugula -euskaltegion bizkar-, oso argi dago euskaltegien sarrerak nabarmen jaitsi direla; eta horrek guztiak isla zuzena du euskaltegietako langileen lan-baldintzetan.


Euskaltegi-sare bakoitzak neurriak hartu ditu, eragindako kaltea eskaintzen dugun zerbitzuan igarri ez dadin, baina uste dut honek guztiak irtenbide bat behar duela berandu baino lehen. Eta irtenbideak partekatua behar du izan; izan ere, behin baino gehiagotan esana da herri honetan hiru hizkuntza daudela eta hirurek parekoak izan behar dutela; eta bide horretan euskaltegiek betetzen duten papera funtsezkoa dela aitortuta dagoenez, bada, baliabideak jarri behar dira.


Bestalde, maila bat gainditzeagatik ikasleek jasotzen duten diru-laguntzak doikuntza bat izan du. Laguntza horrek gorabeherak izan ditu azken urteetan, are gehiago, aurreko legealdian lotsa gabe kentzera ere heldu ziren. Euskaltegietatik beti aldarrikatu da euskara ikastea doakoa izan behar dela, betiere konpromisoarekin eta emaitzekin lotuta. Nire aburuz, aurreikusten den doikuntza ez da nahikoa, ikasleek egiten duten ahalegina txikituz joan behar baita, eta oraindik geratzen den bidea luzea da.


Amaitzeko, hausnarketarako beste puntu garrantzitsu bat plazaratu beharrean nago: aurreko lerroetan idatzitako guztia EAEko aurrekontuei dagokie, baina Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen beharrak asetzeko, zoritxarrez, makinatxo bat gauza dago hobetzeko. Esaterako, Nafarroako Foru Erkidegoari dagokionez, beharrok asetzen hasteko asmorik ere ez da usaintzen, dakigun bakarra baita 2013. urteko diru-laguntzak ez ditugula kobratu -onartuta egon badira ere-, eta, prentsan irakurritakoaren arabera, 2014. urtean ez dugula hobera egingo.