Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

516

Erasoen gainetik aurrera goaz ipar euskal herrian

Koldo Tellitu | 2013-10-21 | 12:14:58

Pozik egon ginen larunbatean Kanbon. Bikoitza izan zen gure poza. Batetik Seaskaren altzora joan ginelako, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Etxera, bestetik berriz, ospakizun batera joan ginelako, urte latz honetan zer ospatu ere badugula eta.

Xalbador ikastetxea inauguratu zuen atzoXalbador ikastetxea inauguratu zuen atzoXalbador ikastetxea inauguratu zuen atzoXalbador Kolegioa eta Ikastolen etxea estreinatu genituen eta biak ala biak ikastolon baitan garenaren sinbolo dira. Biek irudikatzen dute elkarlanaren emaitza, auzolanarena, elkartasunarena. Bi eraikinak eta egingo zaien erabilera anitza ezinezko lirateke atzean herritar multzo handi baten bultzada izan ez balitz, beren haurren etorkizunaz kezkatutako guraso, irakasle, herritar, eragile, agintari talde anitza bildu izan ez balitz. Multzo handi horretako bakoitzari zor zaio gaur egun errealitate bilakatu den emaitza hau gauzatu ahal izatea.

Izerdiarekin eta sosekin eraberritu dira bi eraikinok; bertako guraso eta profesionalen ahaleginarekin, bertako erakundeen eta eragileen laguntzarekin eta hori nahikoa ez, eta laguntza eman duten gainontzeko guztien lanarekin: Kontseilu Orokorrarekin, Udalbiltzarekin, Gipuzkoako Aldundiarekin, Euskararen Erakunde Publikoarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, … Herri Urratsaren bidez edo beste modu batez beren aletxoa erein duten milaka herritar anonimorekin. Irizar kooperatibaren laguntzarekin. Euskal Herriko Ikastolen Elkartasun Kutxari esker lortutako funtsekin ….

Ikastolen garapenerako sinbolo ere badira bi eraikinok. Eta Parisetik enbata gogor jotzen ari den une honetan, baita erresistentziaren sinbolo ere. Izan ere, Parisek bi aurpegi erakutsi dizkigu eta tamalez bat ere ez da ona izan. Ostiralean, Lebranchu ministroa izan zen Angelun. Lebranchuk irudikatzen du Parisen aurpegietako bat: hitza eman bai, baina gero hitza jaten duena. Beste aurpegia Valls ministroak erakutsi digu; honek bai, honek esan eta egin egiten du. Ikusi dugu bai, sufritu egin dugulako, zer egiteko gai den Barne ministro bat hezkuntzan muturrak sartuta. Ikastolak itota eta ikasleak atxilotu eta deportatuta ezarri nahi du bere egalité partikularra. Eraikitakoa birrinduta berdindu nahi du lurra.

Guk, ordea, auzolanean eraikita nahi dugu askatasuna; aniztasuna onartuta nahi dugu berdintasuna; bizikidetzan oinarrituta nahi dugu anaitasuna.

Eta horretan oinarrituta eraiki behar dugu eraso bortitz honen aurkako erresistentzia. Erresistentzia eta elkartasuna, bai, irauteko; erresistentzia eta elkartasuna euskararen herria, euskaldunon herria, irabazteko. Euskal Herriko lurralde askotan, ikastolak gara euskaldunon lurralde libre bakanetakoak. Zaindu dezagun maite dugun hori.

Horregatik, eraikin horiek aurrera ateratzeko erabili ditugun indarra, elkartasuna, auzolana eta laguntza beharko ditugu hemendik aurrera ere. Guraso, ikasle eta irakasle; herritar, eragile, politikari eta erakunde. Denon beharra dago.
Dei berezi bat egin nahiko nioke Eusko Jaurlaritzari. Ikastolek egungo laguntza moldeez gain, zuzeneko laguntza ere behar dute. Seaskak behar du azkeneko urteotan Jaurlaritzak etenik daukan zuzeneko laguntza. Ildo honetan zer edo zer aipatu dute, baina itxaroten gaude oraindik. Jaurlaritza inplikatzea behar dute Ipar Euskal Herriko ikastolek.

Herri gisa jokatzeko unea delako, muga administratiboak ez direlako muga euskararen herrian. Hori argi eta garbi dugu ikastolok. Horretan ez dizuegu hutsik egingo. Ikastolen Elkartearen, ikastolen komunitatearen, babesa eta indarra baduzue. Zuen alboan gauzkazue lehen, orain eta baita gero ere.