Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

467

Ikasteko grina

Oskar Elizburu | 2013-09-20 | 19:54:46

Atea ireki da eta bulegora etorri zaizkit biak, ama eta 10 urteko semea. Iaztik ezagutzen dut ama, guraso talde batean aritu zelako gure euskaltegiko lankide batekin. Soluzio bila etorri zaizkit, izan ere, amak lanean daukan ordutegia kontuan hartuta nahiko zail izaten baitu talde baten txertatzea. Ze lagungarria izaten den lantegietan bertan ikasteko aukera izatea! Arrasate aldean hainbat kooperatibatan aukera hori nahikoa zabalduta dago, baina, zoritxarrez, ez da bere kasua.


Zein maila lortu zuen eta zein den bere helburua argi utzi dit amak, berbetan erraztasuna lortzea; zehatzago esanda, semearekin normaltasunez berba egiteko soltura eskuratzea. Azaldu dizkiot aurreikusten ditudan aukerak, izan ere, zoritxarrez, maila eta ordutegi guztietan ez baitugu aukerarik izaten (taldeak eratu behar dira, gutxieneko kopuruak, gutxieneko modulazioa...) ez zegoen erraza, ez horixe, baina gogoa bai galanta!


Amaren ikasteko grina agerikoa bazen ere, semeak utzi nau, baina, harrituta. Argi eta serio bota dit amak badaukala gramatika arloan eta idazten-irakurtzen berarekin moldatzeko adinako maila; berbetan trabatzen dela, ostera, behar baino gehiago. Euskaraz egiten ei dute elkarrekin; elkarrekin etxerako lanak (bientzako etxerako lan bihurtu direnak alegia) Konpromiso handia erakutsi du amarekin lankidetzan aritzeko.


Euskara ikasteari, jakiteari eta erabiltzeari biok eman dioten garrantzia da nabarmentzekoa; hala edo nola, gutxieneko aukera baten bila etorri dira AEKra. Horrek burua eraginarazi dit eta konponbidea topatzen saiatu gara: talde batean goizez egun batean, beste batean arratsaldez eta, jarduna osatzeko, berba-lagun egitasmoan ere eman du izena.


Konpondu dugu arazoa, beraz, eta, benetan, pozik jarri gara hirurok. Ondoren, udalarekin dugun hitzarmenaren bidez matrikula merkeago izango duela azaldutakoan are gehiago poztu da, matrikula paperak bete eta irribarretsu joan dira ama-semeak.


Ikasiko du amak eta ikasiko du semeak, eta euskararen transmisioa ziurtatuko dutela argi daukat. Horrelako jendea ezagutzeak euskaltzale eta irakasle izaten jarraitzeko grina indartzen didala ez dago esan beharrik; ez dakizue zelako pozik noan kalera!