Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

460

Hobeto alfabetatu beharra

Andoni Sarriegi | 2013-09-18 | 19:34:26

Gaur egun euskaldun asko nola-hala alfabetatuta dago, batzuek oso ondo, beste batzuek ez hainbeste eta beste batzuek txarto, gaizki ez esateagatik. Eta kasu honetan ez dut sartu nahi azken labealdiko euskaldun berriekin, ez. Euskaldun zaharrez ari naiz nagusiki, edota urte askotan zehar ikasketak euskaraz egin dituztenez eta euskaraz lan egiten dutenez. Eta berezi bereziki esatariak, kazetariak eta profesionalak dituk gogoan, eguneroko errepikapenen bitartez akatsak biderkatzeko indarra daukatenak.


A itsatsiaren edo itsatsi gabearen erabilera geroz eta okerragoa da, Gipuzkoan bereziki eta Beterri aldetik datorren uhinaren ondorioz nagusiki. Hitza nominatiboan (hiztegietan datorren moduan) A itsatsiarekin edo A itsatsirik gabe den ez daki euskaldun askok, eta gero, hitz egiterakoan eta baita idazterakoan ere, izugarrizko astakeriak entzuten eta ikusten dira gaizki deklinatuta. Horren adibide dira ORDENA, HITZ eta TZ-az amaituak, HILABETEEN IZENAK, etab. luzea. Euskaltzaindiak garai batean orri bat ere atera zuen -A itsatsidun hitzena eta oso praktikoa gertatu zitzaigun askori. Orain ere bada halakoren baten premiarik.


Azkenaldian idatzita asko ikusten den beste astakeria bat ETORRI EZ DELA, EGIN EZ DUELA eta antzekoena da, EZ DELA ETORRI, EZ DUELA EGIN eta gisakoen ordez. Gauza bertsua esan daiteke atzizkien erabileraz ere. Askotan, pertsona askok, ZERTARAKO galderari erantzunez -RAKO (... eta horrela egin dugu emaitzak hobetzeko) bukaera eman ordez, -TZEA edo TEA esanda amaituta uzten dute esaldia (... eta horrela egin dugu emaitzak hobetzea).


Eta horrela jarrai nezake han eta hemen bitxi itsusiak biltzen. Gaitz hau ez dakit ohiko alfabetatze-ikastaroekin senda litekeen ala alfabetatze-ikastaroak eman beharrean esku artean ditugun baliabide ugarien erabilpen-ikastaroak eta begira arazteko ikastaroak eman behar diren. Euskaldun askori ez diot sumatzen bere hizkera nahiz idazkera-maila hobetzeko grinarik eta agian hortxe datza bekatuaren jatorria. Kontuan hartu behar da inoiz baino baliabide gehiago dugula eskura, bai liburuetan eta gisakoetan eta baita formatu elektronikodun baliabideetan ere.


Dena dela, zerbait serioa, zabala, hedatzailea eta zorrotza egin beharrean gaude entzuten eta ikusten diren ankerkeriak zuzentzeko. Oso eredu txarra eskaintzen diegu euskaldun berri izan nahi dutenei eta gehienetan begi zorrotzez begiratu eta gure kontraesanak ikustean harri eta zur gelditzen dira. Hizkuntza izugarri arautu, egokitu eta bideratu da azken hogeita hamar urte hauetan, baina hori ez dugu egoki txertatu gizarte euskaldunean. Eta zer esan euskaraz hitz egin arren beren bizitzan edozertarako euskaldun analfabeto moduan jokatzen duten milaka pertsonez? Edozer gauza ere segurtasunez egiteko beti espainieraz edo frantsesez egin behar izaten dute. Maok bere doktrina zabaltzeko erabili zuen liburu gorriaren antzeko zerbait baina modernoagoa beharko genuke horien buruak euskaraz lan egiten jartzeko.


Hori guztia gaude hobetu beharrean, teorian inoiz baino egokituago eta txukunduago daukagun euskara hori, euskaldunok eguneroko praktikan, bai hitzez eta bai idatziz, gutxieneko duintasun batez erabiltzea lortu nahi badugu.