Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

452

Arazoa ez gara euskaldunak

Joanmari Larrarte | 2013-09-12 | 11:14:53

Ezagutzarekin dagoen aldea murrizte aldera, erabilera indartzea omen da Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko Planak duen helburu nagusia hurrengo urteetarako. Aspaldian zabaltzen ari den mezua da, euskaldunok ez dugula euskara ahal izango genukeen adina egiten. Ez naiz ni izango hori ukatuko duena, denok ikusten baititugu gure inguruan euskaldunak beren artean erdaraz egiten. Baina hori da kontu bat, eta beste bat da herri honen euskalduntzean lehentasuna horrek duela sinetsi nahi izatea.


Gaur baino lehenago azaldua dute gauza horiez nik baino askoz gehiago dakitenek Euskal Herrian dugun euskaldunen kopururako, euskararen erabilera ez dela hain txikia. Gainera, datu horiek, eremuka kontuan hartuta agerikoagoak dira. Inguru euskaldunenetan, udalerri euskaldunetan adibidez, euskararen erabilera altua da, eta horrek berak demostratzen du ingurua euskalduna den neurrian, euskararen erabilera ere handiagoa dela. Euskara erabili behar bada, inguruan euskaldunak behar ditugu, edo gutxienez euskaraz ulertzeko inongo arazorik ez dutenak. Nik neuk bizitakoa da duela gutxi: 50en bat laguneko bilera batean, bi lagunek euskara ez zekitelako, bi hizkuntzetan hasi zen bilera eta amaierarako nik eta beste bik baino ez genuen bukatu euskaraz, gainerakoak erdarara pasa baitziren "errespetuagatik". Hor ere euskaldunona al da arazoa? Bai, baina ulergarria da gauza bera bi bider, bi hizkuntzetan esan behar izateak sortzen duen nekea. Gainera, beste biak baztertu izan balira bilera hartan, erabilera sustatzea lehentasuna dela dioten horiek laster esango lukete euskaldunak baztertzaileak direla.


Erabilera sustatzera begirako politika garrantzitsua da eta horra ekimen ugari bideratu behar da, dudarik gabe, baina benetako lehentasuna ezagutzaren unibertsalizazioan dugu, herritar guztiek euskara ezagutzea ezinbestekoa da, gutxienez ulermen mailan, inor ez dadin diskrimina hizkuntzagatik, Izan ere, euskaldun bat erdara erabiltzera behartzen denean, euskalduna diskriminatu egiten da.


Amaitzeko, matrikulazio kanpaina bete betean dagoenean, ez zait iruditzen mezurik egokiena denik. Dakienak ere ez duela erabiltzen eta lehentasuna hori aldatzea dela esaten badugu, esan gabe horretarako oztopo nagusia euskaraz ez dakitenak direla, ez gara asko laguntzen ari jendeak euskara ikas dezan. Zertarako ikasi, dakitenek ere ez badute erabiltzen?