Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

388

Arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragin

Rober Gutierrez | 2013-07-09 | 14:47:36

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen Hausnarketa Estrategikoari esker, gure egitasmoa sendotu eta euskararen normalizazioaren bidean urrats biziak egiten jarraituko dugu.


Hausnarketa prozesuan gaude momentu honetan, eta datozen urteetan Elkartearen helburua eta lan ildoak zeintzuk izango diren finkatzen eta zehazten ari gara. Prozesu parte-hartzailea, eraldatzailea eta emozioetan oinarrituta bultzatzen ari gara. Guretzat berebiziko garrantzia du inguruan ditugun erakundeek bertan parte hartzeak eta, horregatik, hainbat interes-talde identifikatu eta hausnarketa prozesura gonbidatu ditugu: zuzendaritza taldea, Elkartean bertan lanean ari diren pertsonak, Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateak, aholkularitza sektorean ari diren enpresak, administrazioak eta abar. Interes talde bakoitzak bere bizipenetik aztertu du proiektua, eta ekarpen zein ikuspegi-aniztasunari esker egitasmoa aberasten eta sendotzen ari da.


Helburua adostu dugu: "Arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragin". Eta helburura iristeko bidea ere zehazten hasiak gara, gogoz heltzeko. Horretarako, egin behar dugunaren zertzelada nagusiak mahai gainean ditugu: Bai Euskarari Ziurtagiriaren komunitatea indartu, ziurtagiria tresna modura sendotu, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko eragile izan, eta egiteko moduari, lidergoari eta komunikazioari dagokienez, elkartea eraldatu.


Espazioak euskalduntzea estrategikoa da hizkuntza batean normaltasunez bizi ahal izateko. Horregatik, berebiziko garrantzia du alor sozioekonomikoaren espazioetan euskarari lekua egiteak. Lanean ematen dugun denboragatik edota produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile izateagatik, eragina du lan munduak gure bizimoduan eta hizkuntza jardueran.


Denok eragile gara, eta hor kokatu behar da Bai Euskarari Ziurtagiriak etorkizunean ere egin nahi duen ekarpena. Horretarako, Bai Euskarari Ziurtagiriak urrats biziak ematen jarraitu nahi du, eta jarraituko du, alor honetan esku-hartze zuzena duten aktoreekin.