Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

360

Arau sozialak

Iker Salaberria | 2013-06-21 | 12:54:32

Aurreko astean trenean etxera bueltan nindoan egun batean, geltokira iritsi eta kanpora ateratzeko pasa beharreko ate bat irekita ikusi nuen. Leihatilan txartel saltzailea zegoela eta, itxita zegoen beste ate batetik txartela pasa eta bertatik atera nintzen. Neure inguruko jende guztiak berdina egin zuela ikusi nuen. Hurrengo egunean, berriz ere, ate bera zabalik zegoen. Leihatilakoa bertan zegoen arren, zera pentsatu nuen: tira! jendea ilaran zain dagoen ate horietako batetik atera beharrean, irekita dagoenetik aterako naiz. Zer edozer esanez gero ere, bidaia-txartela eskuan nuen. Halaxe egin nuen. Bakarra izan nintzen. Hirugarren egunean ere ate bera zabalik. Oraingoan, ordea, beranduago zen eta ez zegoen leihatilan inor, ez eta bestelako zaintzailerik ere. Ni, berriz ere, irekitako atetik ateratze nintzen. Pasa ondoren begira geratu nintzen: oraingoan bai, oraingoan ziur baten bat pasako dela ate horretatik… Eskerrak ez nuen apusturik egin!


Egoera xelebrea, ezta? Denok genuen txartela eskuan, beraz, ez zen lege hauste konturik. Zaindari baten mehatxurik (sinbolikoa bazen ere) ez zegoen. Baten batek esango lukeen bezala, jendea libre zen hautatzeko. Halere, jendeak nahiago izan zuen ilaran zain egotea eta txartela pasatzea, irekitako atetik zuzenean irtetea baino. Nik, ondorengo azalpena topatu nion: arau soziala. Finean, arau sozialak, inon idatzita egon ez arren, jokabide normalena, sozialki egokiena zein den esaten digute. Hortaz, kasu honetan, ohikoa den bezala, itxitako atetik ateratzea eta txartela duzula ikustaraztea zen arau sozialak ‘agindutakoa’.


Horrek beste galdera batzuk ekarri zizkidan: askotan hitz egiten da, ikuspegi liberal batetik, jendearen hautu libreaz, jendea aske dela nahi duena egiteko, baina, arau sozialak halako egoerak sortzeko gai badira, zenbateko eragina izan dezakete jendearen portaeran?


Hizkuntzaren esparrura etorrita, euskararen inguruan zein arau sozial eraiki dira? Erdaldunik tartean bada denok erdaraz egitea dela egokiena? Ez inposatu, ez galarazi? Nola hitz egin dezakete batzuk hizkuntza askatasunaz, arau sozialak egon badaude? Eta bukatzeko. Nola eraiki daitezke halako arau sozialak?


Gogoeta sakoneko gaiak, nire aburuz. Gehienei neronek ez diet erantzun errazik topatzen. Halere, bi ñabardura behintzat gehitu nahiko nituzke. Batetik, arnasguneak eta arau sozialen eraikuntzari lotua. Izan ere, arnasguneek duten balio erantsietako bat horixe da. Gai dira euskararen erabileraren aldeko arau soziala eraikitzeko. Arnasguneetan, normalena eta beraz sozialki egokiena, euskaraz egitea dela transmititzen da. Bestetik, gai hau dezente aztertu duen Émile Durkheim-en irakasgai bat ekarri nahiko nuke hona. Berak zioenez, arau horiei aurre egiten dieten edo horiek aintzat hartzen ez dituzten desbideratze sozialak dira eraldaketa sozialerako motor. Beraz, euskalgintzatik ere badugu zer ikasia eta zer garatua.


Azken oharra: eskerrak tren geltokiko atea azkenik konpondu zuten, jendea jada urduri jartzen hasia baitzen bere eguneroko funtzionamendu eskemak zalantzan jartzen zituen ate madarikatu harekin, kar, kar, kar…