Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

342

Euskaraz kontsumitzeko ordua

Oskar Elizburu | 2013-06-17 | 16:48:51

Lan mundua euskalduntzeko konferentzia burutu berri dugu, Arrasaten, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak gidatuta. Bertako partaide diren aholkularien lan-taldeak egindako lan eskergari esker, lan munduan euskarak daukan egoera eta hobetzeko egin beharreko pausoak ezagutzeko aukera izan dugu. Arlo sozioekonomikoan euskarak izan behar duen garrantzia aitortzea izan da, nola ez, lehenbiziko ondorioa; hau da, gure hizkuntza normalizatzeko ezinbesteko sektorea dela. Partaidetza handia eta zabala izan da, eta erakundeek, eragileek eta euskalgintzak, denek aitortu dute sektoreak duen estrategikotasuna. Ezin dugu ahaztu, jakina, gure eguneroko denboraren heren bat lanean ematen dugula.

Prozesu eta Konferentzia honetatik jaio den Adierazpenean ezinbesteko diren 4 zutabe aipatu dira, eta zutabe bakoitzak egin beharreko lana, jakina. Argi geratu da enpresek, langileek, bezeroek eta administrazioek, guztiek elkarlanean eta norabide berean, planak eta ekimenak martxan jartzea ezinbestekoa eta premiazkoa dela. Zutabe guztien inguruan jarduteak, baina, luze emango luke hemen, eta gainera, badakit beste batzuek luze eta egokiago idazteko asmoa izango dutena; hortaz, bezero edo kontsumitzaileon eginbeharrekoez jardungo dut gaurko honetan.

EKA kontsumitzaileen elkarteko ordezkariak emandako hitzaldian, harritu egin ninduen ondorengo datu honek: euskaldunok gehiengoa garen herrietan, zein erdaldunak gehiengo direnetan, guztietan, euskaraz kontsumitzeko dugun eskubidea urratzeagatik jasotzen diren salaketak 0 dira. Harritzekoa! Eta zein da, bada, hori horrela izateko arrazoia?

Dirudienez, gure hizkuntzarekiko erasoak eta gabeziak, legez betebeharrekoarekiko urraketak, hizkuntzaren aurkako eraso gisa ikusten ditugu euskaldunok, eta ez kontsumitzaile gisa ditugun eskubideen urraketa gisa. Hori dela eta, Behatokira edo Elebidera igortzen dira salaketak, ez ordea kontsumitzaileen defentsarako bulegoetara. Honekin guztiarekin, argi ikusten da Euskara beti aparteko arlo gisa hartzeko joera dugula; eta horrekin, zoritxarrez, behar duen zehar-lerroko izaera ez diogu aitortzen. Badirudi Euskalgintzaren betebeharra dela hori, eta ez guztiona.

Kontsumitzaile gisa ematen dugu egun osoa, ia egiten dugun guztia dago kontsumoaren barruan: erosi, telebista ikusi, etxean egotean argi-indarra eta ura erabili, aisialdiko ekintzak antolatu, bidaiatu, kalean lagunekin txikiteoan ibili... Beti ari gara kontsumitzen! Hortaz, kontsumitzaile gisa euskararen normalizaziorako zer egin dezakegun eta zer egin beharko genukeen jakitea eta barneratzea garrantzitsua da, benetan!

Bezeroek mugitzen dute ekonomia eta gizartea, eta hori horrela izanik, botere handia dugu gure eskuetan, denok baikara bezero. Kontsumitzaile gisa hainbat aldarrikapen izan dezakegu: mundu justuago bat bultzatzea, ekologia, jokabide okerren aurka egitea, euskaraz artatua izateko eskubidea... Botere hori erabiltzeko, baina, kontzientzia behar dugu, eta horrekin batera erantzukizuna.

Eta erantzukizun hori lantzeko, elikatzeko eta hezteko beharra dugula argi dago. Lehen aipatu dudan Adierazpenean hainbat pista ematen zaizkigu, eta horiek aipatzea ezinbestekoa da, jakina:
Enpresei/merkataritzari beren zerbitzuak euskaraz emateko eskatu behar diegu.
Eskaera hori egiteko bideak jorratu eta zabaldu behar ditugu.
Enpresek/sal-tokiek ematen dituzten erantzun egokiak saritu eta desegokiak agerian utzi behar genituzke.
Betetzen dutenak saritu erosketa aukera haien alde eginez.
Betetzen ez dutenak salatu kontsumitzaileen elkarteen, Behatokiaren, zein bestelakoen bidez.
Euskaraz kontsumitu nahi dugun herritarron sareak eraiki behar ditugu.

Gizarte osoaren eginbeharra dugu hau eta bide horretan enpresetako kudeatzeaileak, langileak eta administrazioak ere bidelagun izan beharko genituzke. Ibilbidea marratu dugu; ea bidaide zaituztegun guztiok!