Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

306

Komunikaziorako hizkuntza-irizpideak Gipuzkoako Aldundian

Zigor Etxeburua Urbizu | 2013-05-31 | 14:54:14

Gipuzkoako Foru Aldundiak komunikaziorako adostu dituen hizkuntza-irizpideak direla eta, azalpenak eman ditugu, berriki, Batzar Nagusietan. Pentsatu dut egokia izan daitekeela agerraldian emandako azalpenak hona ekartzea.


GFAren komunikazioa printzipio nagusi hauetan oinarritu nahi dugu: Gobernuaren marka euskaraz izatea, euskarari lehentasuna ematea, saihestea espainieraz bakarrik aritzea, eduki garrantzitsuak beti euskaraz azaltzea, ekilinguismoaren erabilera (gauza bera euskaraz eta espainieraz) murriztea, ahal den heinean. Horiekin batera, euskaraz aritzen diren medioei lehen mailako tratua eman nahi zaie.


Soziolinguistika Klusterraren Eralan proiektuan inplikatuta dago Aldundia, hizkuntzaren arloan lidergo eraldatzailearen eredua lantzeko. Euskarak aurrera egiteko, gizartean erreferentzialak diren egiturek eta pertsonek ere euskaldun azaldu behar dute.


Instituziook ezinbesteko eragile gara euskara normalizatzeko, eredu eta ezinbesteko erreferentzia garelako herritarron eguneroko bizimoduan. Aldundiak aitzindari eta eredu izan nahi du euskaraz bizi direnentzat, eta baita euskaraz bizi nahi eta ezinean sentitzen direnentzat ere.


Horregatik, euskara lehentasunezko hizkuntza egin du GFAk, bere jardueretan: irudi korporatiboan, euskarak lehentasunezko presentzia du; publiko orokorrari zuzendutako argitalpenak elebidunak dira, eta euskararen proportzioa handiagoa da, erdarena baino; prentsaurreko eta agerraldiak lehentasunez euskaraz egiten ditu, interpretazio zerbitzua eskainiz herritarrei eta kazetariei; Aldundiarekin euskara hutsezko harremana izateko aukera eman die gipuzkoarrei…


Helburuak argiak dira: herritarren aurrean euskaraz jarduten duen Aldundia dela erakustea; gainerako erakundeentzat ere euskaraz jarduten duen erakunde erreferente izatea Aldundia; euskaraz nahikotasunez moldatzen ez direnak beren gaitasuna hobetzera gonbidatu eta laguntzea; eta euskaraz bizitzeko ohitura sustatzea eta indartzea, errazago eginez euskaldunari euskara hautatu eta erdaretarako inertziak apurtzea.