Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

287

EUSKARA IKASLEENTZAKO DIRU-LAGUNTZAK

Mertxe Mujika | 2013-05-14 | 23:28:46

Azken aste hauek oso nahasiak suertatzen ari dira. Handik eta hemendik, egunkarietan gehien agertzen diren albisteak ekonomiarekin lotuta daude. EAEko aurrekontuak ez onartzeak soka luzea ekarri du eta ematen du ezinbestekoa dela aurrekontuak onartzea edozer egiteko. Gure arloan, behintzat, horrela bizi izan ditugu EAEko aurrekontuen gora-beherak.

Jakina da, bertan behera utzi den aurrekontu proposamenean, aurreko legealdian desagertutako euskara ikasleendako diru laguntza berreskuratzeko bidea berrido zabaltzeko asmoa zela. Hobeto esanda, euskaltegietara etortzen diren ikasleek, maila bat gaindituz gero, matrikulan ordaindutako zatitxo bat berreskuratzeko eskumena izango lukete berrido. Aurrekonturik egon ezean, baina, ezinezkoa omen zen partida horrekin kontatzea. Gerora, gure zorionerako, diru laguntza hori, zati batean bada ere, berreskuratuko dela jakin izan dugu.

Euskaltegietako ordezkariok betidanik ezinbestekotzat jo izan dugu lerro hori eta, bere momentuan lerro hori kentzea salatu genuen moduan, oraingoan partida berreskuratzeko egindako ahalegina eskertu beharrean gaude. Bi arrazoi nagusi dira tarteko: batetik, zalantza barik, irailean ikasleak erakartzeko bidean lagunduko digulako; eta, bestetik, urrats txikiak emanez bada ere, benetako helburura heltzeko bidean (lehen atzerapausoa izan zen eta orain, berriro, aurrera egiten delako) eta doakotasunerako bidean aletxo bat jarri delako. Izan ere, euskara ikasteagatik ordaindu beharreko dirutza ez da ulergarria ezta onargarria ere. Eta nago, neurri honen bidez, aste honetan zehar hasiko diren maila egiaztatzeko azterketa gainditzen duten ikasleek igarriko dutela. Datorren ikasturteko matrikula ordaintzeko unea heltzen zaienean, bada, ordaindu beharrekoa arinduko zaiela.

Dena dela, ez nuke ahaztu nahi, neurri honen bidez, gaur egun euskaltegietan matrikulatuta dauden ikasleak izango direla onuradun bakarrak. Alabaina, oraindik orain jende asko dago Euskaltegi batera hurbildu ez dena eta bertaratzeko asmoa izango duena. Horietako askok, bizi dugun egoera ekonomikoak baldintzatuta, ezin izango du matrikula ordaindu edota zailtasun handiak izango ditu. Eraginkorrak izan nahi badugu, horiei begirako egitasmoak ere martxan jarri behar dira. Horretarako, gainera, ez da ezer berririk asmatu behar; hor daude, esaterako, Lanbide edo Behargintza izeneko erakundeak. Erakunde hauek, besteak beste, langabezian daudenei prestakuntza ikastaroak eskaintzen dizkiete. Guk dakigula behintzak, euskara ikastaroak ez dira agertzen bertan dauden aukeren artean. Uste dut badela garaia horrelakoetan ere Euskarari behar duen tokia emateko.

Eta hausnarketarekin jarraitzeko, ez dut amaitu nahi Jaurlaritzari eta Parlamentuari horren inguruko eskaera bat luzatu gabe: ikasleek matrikulatzen direnean dirutza ordaindu behar ez izateko irtenbide egokiak eta behin betirakoak ematea. Gehiengo osoa euskararen alde dagoenean, lortuko al dugu berandu baino lehen!?