Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

285

Kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politika behar dugu

Iker Salaberria | 2013-05-13 | 14:01:50

Gizarte eraldaketa prozesuetan murgilduta gabiltzan gizarte mugimenduen aldetik, ohikoa izan ohi da batak besteak egiten duenari begiratu eta bertatik ikasgaiak edo berrikuntzak atera nahi izatea. Euskalgintzak mugimendu feministari edo mugimendu ekologistari miresmenez begiratu izan dio. Horiek lortu dute urrats esanguratsuak ematea! Horiek lortu dute jendea kontzientziatzea!...


Mugimendu horiei begira jartzean, ordea, normalean, horietatik bideratutako dinamika sozialetara joaten da gure arreta. Gizarte mugimenduek jendartean eragindako aldaketak, euren ekintzek, aldarrikapenek edo mobilizazio molde ‘bereziek’ soilik eraginak bailiran. Hori egiaren parte bat baden arren, mugimendu horiek eragindako aldaketa politiko eta juridikoak bazter uztea suposatzen du askotan. Eta hor ere bada zer arakatua euren arrakasta ulertuko bada.


Duela zenbait aste Berriako elkarrizketa batek nire arreta piztu zuen. Emakundek antolatutako jardunaldi batzuetan partu hartu zuen Ricardo Pedraz Gonzalez ekonomista eta aholkulariari eginiko elkarrizketa zen. Horrela zioen azpititularrak: "[…] hitzarmen eta kontratazioetan berdintasun klausulak ezarrita gizonen eta emakumeen arteko desoreka asko zuzen daitezkeela azaldu du Pedrazek Bilbon". Hitzekin jolastuz, ekar dezagun titular hori hizkuntzaren eremura. Honela formula liteke: "[…] hitzarmen eta kontratazioetan normalizazio klausulak ezarrita erdararen eta euskararen arteko desoreka asko zuzen daitezke". Ekar liteke gurera, ezta? Segi diezaiogun elkarrizketaren beste pasarte batzuei: "hainbat esparrutako irizpideak sar ditzakete klausula sozialek: lan munduratzea sustatzea, ingurumena zaintzea, bazterketari aurka egitea... Hala, kontratazioen helburutik harago joan daiteke, beste xede sozial batzuk lortzeko […] kuotek laguntzen dute, klausulek laguntzen duten bezala, azken helburua gizarte parekideagoa delako. Kontratazio publikoa gastu publikoaren %16-18 artekoa da; kontratazioon xedeari klausula sozialak erantsiz gero, aukera berdintasunarekin lotutako hobekuntzak txertatzeko ahalmena oso handia litzateke".


Asteburuan jakin dugu hainbat udalek kontratazioetan hizkuntza klausulak jartzeagatik, estatu abokatuaren auzi-errekurtsoa jaso dutela. Batzuk, hizkuntza normalizazio prozesua garatzeko botere sozialaz gain, botere politiko-juridikoaren eragin ahalmena gutxietsiz jarraitzen dute. Estatuek, aldiz, abokatuekin eta epaileekin eragiten, hizkuntza-politika egiten, jarraitzen dute.