Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

282

Transmisioa gure esku

Oskar Elizburu | 2013-05-10 | 17:04:59

Euskararen normalizazioan hamaika faktorek eragiten dutela argi dago; eta, horregatik, hauek identifikatu eta bertan eragiteko beharra dagoela uste dut. Arloka funtzionatu dugu urteetan zehar, eragile bakoitzak bere arlokoari erantzuteko plangintzak eta hausnarketak eginda. Ez dut ukatuko bere bidea egin eta arlo bakoitzak egin duen lana eta izan duen eragina emankorra izan denik, baina, beti ere, neurri batean. Helduen Euskalduntze Alfabetatzeak, datuen arabera, euskarak irabazi dituen euskaldunen arteko herena erakarri ei du (ikerketa askoren ondorioa da), hau da 100.000 lagun inguru. Beste bi herenak, 200.000 inguru, hezkuntzatik etorri direla argi dago.


Hortaz, ezagutza unibertsalizatzeko prozesuan bi eragilerik garrantzitsuenak izan direla ezin da ukatu. Dena dela, badago hirugarren hanka bat, transmisioarena, familia bidez egiten dena, eta dirudienez azken urteotan motz geratzen ari zaiguna. Euskaldunak irabaztea helburu badugu, ez da garrantzia gutxiagokoa izan behar euskara etxetik bultzatzeko eta zabaltzeko ahalegina, euskara mantentzeko eta erabiltzeko joera lantzea.


Eta horren garrantzia zabaltzea izan behar luke Hezkuntzako eta HEAren arloko eragileon helburuetako bat. Euskal kontzientzia zabaltzea eta normalizazioa denon eraginez etorriko dela argi uztea. Hezkuntza arloak etxeetara iristeko gaitasun handia du, izan ere, oso gertuko harremana dauka gurasoekin. Uste dut aukera hori baliatu behar genukeela elkarlana burutzeko. HEAren ekimenak eta zerbitzuak gurasoen eskura jartzea litzateke helburua; zuzenean haiengana iristeko eta euskara ikasteko zein hobetzeko dituzten aukerak zuzenean jasotzeko bidea izatea.


Baina ez da elkarlan hau, besterik gabe, gurasoak euskaltegietara erakartzeko bidea zertan izan behar. Are gehiago, eskolak eta formazio saioak ikastetxeetan bertan emateko, gurasoei egokien datozkien ordutegietan antolatzeko eta, batez ere, haiek dituzten beharrak ondo identifikatzeko bidea ere izan behar luke. Eta horrekin batera, gurasoek prozesuan duten garrantziaz jabetzeko bidea ere izan behar du; lehen esan dugun bezala, Transmisioa ezinbestekoa baita euskara norberaren hizkuntza dela onartzeko eta sinesteko bidean. Tresnak, bideak eta ideiak konpartitu behar ditugu, norabide egokian jartzeko.


Amets Arzalluzek, Korrika bukaerako mezuan, Ama-hizkuntza ez dela jaiotzez jasotzen duguna esan zuen; Ama-hizkuntza pentsatzeko eta bizitzeko aukeratzen duguna dela zehaztu zuen. Hortaz hor dugu landu eta eman beharreko mezu erakargarri bezain ilusionagarria: gurasoek beraiek aukera dezakete euskara bere hizkuntza izateko eta haien seme-alabena izateko. Ama-hizkuntza erabakitzeko aukera benetakoa izateko, baina, baliabideak eta bideak erreztu behar dira;eta hori da, hain zuzen ere, elkarlanarekin lortu beharko genukeena eta lortuko duguna.