Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

253

LANGUNE: hizkuntza-industria orain, geroa ere izateko

Itziar Nogeras | 2013-04-22 | 13:39:21

Euskararen garapenean aritzeak industria bat izatea ekarri du. Eta euskal hizkuntzaren sektore tradizionala berrantolatu eta sektore industrial gisa aktibatzen badugu, ibilbide oparoa egin dezake, Euskal Herrian bertan eta Euskal Herritik kanpo. Hori da 2010. urtean sortutako Langune elkartearen premisa.


Euskararen garapeneko politikek, euskararen sustapenak, euskararen industriak, euskarazko sormenak eta euskararen militantziak, denek lekua izan behar dute garai hauetan, garai oparoak izango badira euskararentzat. Eta atal bakoitzak gaur, inoiz baino gehiago, bere lanketa propioa behar du. Gaurkoan, hizkuntzaren industriaz hitz egiteko parada hartuko dut; Langune elkarteak (gaur egun Eusko Jaurlaritzak aurrekluster izendatua) duen garrantzia eta estrategikotasunaz, hain zuzen.


Lanaren (profesionala zein militantea) poderioz eta euskararen normalizazioa edo garapena helburu, industria oso bat sortuta dago gaur Euskal Herrian, bertakoa eta nagusiki kultura-arloari, komunikabideei, herritarrei eta hezkuntzari zerbitzua eman diena azken hiruzpalau hamarkadatan. Arlo sozioekonomikoan ere aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, lantokietan euskara normalizatzeko prozesuak jarri baitziren martxan duela 20 urte; geroztik, Euskal Herriko enpresa ugari ari dira euskara-planetan. Era horretara, metodologia sendo bat eta baliabide ugari garatu dira zerbitzu hori emateko. Gainera, gaur egun, pertsonen arteko komunikazioan hizkuntza-teknologiak ekarpen handia egiten ari dira eta hizkuntza-aniztasunaren ondarea ez galtzeko giltzarri ere badira. Eta behar horiei erantzuteko, ezinbestekoa da ikerketa eta garapena egitea, euskara eta IKTak (Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) eskutik joan daitezen.


Europako herritarrak, enpresak nahiz politikariak eragozpen linguistikoak gainditu beharrean izaten dira egunero-egunero. Hizkuntza-teknologiek aukera ematen dute eragozpen horiek gainditzeko eta, halaber, hainbat teknologia eta ezagupide erabiltzeko interfaze berritzaileak sortzeko. Europako Batzordeak sortutako META-NET Bikaintasun sareak argitaratu berri duen liburu zurian, euskararako, eta Europako beste 30 hizkuntzarako, hizkuntza-teknologien egoera aurkezten du. Eta ondorioen artean, zera dio: "Europa eleaniztunaren testuinguruan, IKTak arlo estrategikoak dira hizkuntza guztientzat, baina, bereziki, hizkuntza minoritarioentzat. Egun, teknologia horien kontsumitzaileak, Interneti esker, muga geografikoak eta linguistikoak gaindituta, aukera paregabea dute IKT produktuak nahi duten hizkuntzan eskuratzeko. Baina, horretarako, gure hizkuntza txikiek, ezinbestez, merkatu horretan sartu behar dute."


Esan bezala, eta beste sektore batzuek egin duten moduan, egituratu egin behar da balio-kate osoa eta merkatuko aukerei erantzuteko prestatu garaiek eskatzen duten mailan; teknologian berrituz eta elkartuta lan eginez. Munduan garrantzi handia hartzen ari da sektore hori, batez ere globalizazioaren eta teknologia berrien eraginez.


Horiek horrela, Euskal Herrian arlo horretan lanean ari diren ikerketa-taldeek, unibertsitateek, enpresek eta erakundeek sortu dute Langune elkartea. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak aztertuta, euskal hizkuntza- industrian 500 bat enpresa daude, eta 3.300 langile baino gehiago. Guztira, 600 milioi euro inguru fakturatzen dituzte; alegia, Europan sektore horrek fakturatzen duenaren % 4 eta munduko % 2. Lurralde banaketari dagokionez, arlo horretako enpresaren % 47 Gipuzkoan daude, % 38 Bizkaian, eta % 15 Araban. Langileen % 77, bestalde, 45 urtetik beherakoak dira. Industria integrala da erabat; oso ingurune hurbilean, balio-kate guztia dago bilduta. Horrela, terminologian eta lexikografian espezializatutako erakundeekin batera, itzultzaileak, interpreteak, ikus-entzunezko erakundeak, lokalizaziokoak eta hizkuntza-ingeniaritzakoak topatuko ditugu, baita argitaletxeak, banaketa-enpresak, hizkuntzen alorreko aholkularitza-enpresak, unibertsitateak eta zentro teknologikoak ere.


Ezinbestekoa da eragile guztiek norabide berean arraun egitea. Industria horri bere lekua aitortu eta eman behar zaio, eta indartzen lagundu, Euskal Herritik kanpo eredu ere badelako.