Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

228

KORRIKA MUNDIALA, ERRONKA MUNDIALA

Mertxe Mujika | 2013-04-09 | 21:57:18

Dagoeneko 18. Korrikan bizi izandako emozioak, une kilikagarriak eta abar epeltzen hasita daude. Hortik zehar geratu dira milaka argazki, bideo eta gure memorian ondo gordeta geratuko diren une ahaztezinak.
Askotarikoak dira hemeroteketan agertuko zaizkigun iritziak, gogoetak eta abar. Denak “eman euskara elkarri” leloa aintzat hartuta. Guk geuk ere esan genuen; “Korrika hau mundiala izan da”

Bada, horrela izanda ere, bada kezka bat egunak aurrera egin ahala areagotzen zaidana; nola bihurtu egunerokoa EMAN EUSKARA ELKARRI leloa? Uste dut hor dugula benetako erronka eta, horretara heltzeko, Korrika bezalako egitasmoak ezinbestekoak direla ez daukat inongo zalantzarik. Baina horrekin batera, nire ustez badaude beste hiru aldagai berandu baino lehen ondo garatu behar direnak eta, elkarren osagaiak diren heinean, hirurak batera landu beharrekoak.
Aldagaiak, aski ezagunak badira ere, sarri askotan ahaztu egiten ditugula uste dut. Eta, zoritxarrez, egitasmoak izan duen arrakastarekin geratzen gara eta, hortik aurrera, euskararen normalizazioan eragiteko gaitasunean ez dugu behar beste asmatzen.

Hortaz, herri hau benetan euskaraz pentsatuko badugu, hurrengo baldintzak eman behar dira:

Euskara daukagunok, eman egin behar dugu; euskaldunok euskara erabiltzeko joera landu egin behar dugu. Euskaraz dakigunok elkarri euskaraz hitz egin behar diogu. Zenbat bider aritzen gara erdaraz denok euskaraz hitz egiteko gai garenean? Ohitura aldatzea zaila da, baina erabileran aurrera egiteko orduan puntu honetan zer hausnartu badugu.

Euskara ez daukanak, ikasi egin behar du. Aukera eman behar dio euskara erabili nahi duenari. Agerian geratu da euskara kohesiorako tresna dela eta horretarako euskararen ezagutza unibertsalizatu beharra dago, bai ala bai. Ez dakien helduak euskaltegiak ditu euskara ikasteko eta elkarri ematen hasteko abagune ezin hobea.
Korrika bukatu zen eta orain euskaltegiak betetzeko aitzakirik ez dago. Uda edota ikasturte berriari begira, euskaltegietako ateak zabalik daude eta irrikitan gaude, euskara nahi duten guztien ama hizkuntza bihurtzeko. Dagoeneko ez da nahikoa euskararekin bat egitea, euskara ikasteko orduan urratsak emateko garaia da.

Eta erabilera eta ezagutza bermatzeko aukerak eta baldintzak behar dira. Aldagai honetan sartzen da bete betean administrazioen eginbeharra. Administrazioen zeregina da ikasteko erraztasunak ematea batetik, eta arlo publiko eta pribatuan erabiltzeko aukera sortzea bestetik. EAEko aurrekontu proposamena ezaguna da dagoeneko. Helduen euskalduntze arloari dagokionez, gaur egungo partida, egun dauden parametroetan mantentzea eta ikasleen diru laguntzak berreskuratzea albiste ona da bizi dugun egoeran, estrategikoak garen seinale. Kezka gehiago sortzen dit, ordea, sustapenerako bideratuko diren laguntzak, horiek ere mantendu behar direlakoan nago, izan ere, euskararen normalizazioan oraindik arlo guztiak dira estrategikoak.

Arestian esan bezala, hortik doaz nire kezkak, baina seguru nago, guztion artean, elkarlanean, indarrak batuta eta bakoitzak bere arduragatik euskara elkarri ematea ohikoa bihurtuko dugula eta, are gehiago, Herri hau euskaraz pentsatuko dugula!

POSDATA: Kolaborazio hau idazten amaitu eta berehala izan dut Joxean Lizarribarren heriotzaren berri. Joxeanek egindako lanak argi utzi digu zer den euskara elkarri ematea. Joxeanek ereindakoak izango du uzta. Bere moduko euskaltzale askori zor diogu herri hau euskaraz eraikitzea. Eskerrik asko Joxean eta adiorik ez !