Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

226

Hizkuntza politika berria behar dugu hezkuntzan.

Koldo Tellitu | 2013-04-09 | 11:47:00

Azkenaldian behin eta berriro irakurtzen ari gara LOMCEk euskerarekiko izango duen eragina guztiz kaltegarria izango dela, gure nortasun, eskubide eta hezkuntza sistemaren ardatz beharko lukeen euskarari eraso zuzena suposatzen duelako, enborreko jakintzagaia ez izanda, bigarren mailako hizkuntza bihurtzen dela, hezkuntza sisteman bere ezagutza eta erabilera inola ere ez direla bermatzen eta are gutxiago indartzen, hizkuntza koofizialen esparruan hizkuntzarik ahulena izanda. Guzti honekin ados nago, baina euskararekin irakaskuntzaren alorrean azken urteotan gertatutakoari begirada adeitsuegia ematen diogula deritzot “azken urteotan emaniko pausoak guztiz baliogabetuz” bezalakoak erabiltzen direnean.

Ez dakit zeri buruz ari diren “azken urtetan” ala “azken urte luzetan” bezalako esamoldeak erabiltzen dituztenak, baina duela urte asko gure hezkuntza sistemaren azterketa bat egiterakoan Ikastolok argi ikusi genuen Derrigorrezko Hezkuntza amaitzerakoan, ikasleriak ez daukala euskararen eta gazteleraren ezagutza orekatua, euskararen kaltetan, eta ikasle guztien oinarrizko gaitasunak eta giltzarrizko trebetasunak, horien artean euskarari eta kultur ondareari zegozkionak, bermatzeke zeudela.

Duela bi legegintzaldi jakin genuen, azpimarratuko dut, bi legegintzaldi, Euskal Autonomi Erkidegoan ereduen emaitza zein zen ikasleen aldetik euskararen menperatze mailari zegokionean, derrigorrezko eskolaratzea amaitzean. Gogoratzen baduzue, eredurik eraginkorrena D eredua zen eta ikasleen %60 euskalduntzea lortzen zuen. Hau ikusita, beste ereduak, A eta B ez ditut aipatu ere egingo. Ikaslegoari, familiei, euskal gizarteari huts egiten zion zure hezkuntza sistemak. Hizkuntza ereduek ez zuten betetzen euren izatearen muinean zegoen helburua, hau da, Bigarren Hezkuntza bukatzean ikasleak gaitasun duina izatea hala gazteleraz nola euskaraz. Ebaluazioak argi erakusten zuen helburu hori ez zela inola ere betetzen.
Egiaztapena azken batean zera da, ez orduan eta ezta orain ere eskolak eta gizarteak ez dutela euskalduntzen, ez behintzat behar den neurrian, ez gizartea egiten ari den esfortsuaren neurrian eta ezta ere gure hizkuntza normalizatzeko beharrezkoa den erritmoan ere.

Esan dugun moduan duela bi legegintzaldi izan genuen guzti honen berri, datu zehatzetan oinarrituta. Hartu al da neurri eraginkorrik geroztik egoera honi aurre egiteko? Erantzuna borobila da. EZ. Zortzi urte galdu dira. Zortzi urte arazoa existituko ez balitz moduan jokatzen.

Beraz, zertaz ari dira LOMCEk euskarari eragiten dion kaltea “azken urteotan emaniko pausoak guztiz baliogabetzen” dituela esaten dutenak?

Egoera honen aurrean ezin dugu eskuak sakeletan sartuta egonean iraun. Ikastolak behinik behin ez gara horrela geratuko. Guk gure hezkuntzaren kalitatearenganako konpromiso sozialari egunez egun eusten diogu, gure esparruan euskararen inguruan zaletasunaren tentsioa tenkatzen dugu, baina inguru sozial osoan euskararen egoera hobetzen ez bada, burbuila faltsuan ari gara. Oso kontziente gara horretaz, beraz, ez gara egonean geratuko.

Horregaitik, LOMCEk suposatzen duen erasoari gure gaitzespen sakonena adierazten jarraitzeaz gain, ez dugu ahaztuko EAEn legegintzaldi berri honetan hizkuntza politika berriz aztergai izango dugula eta horri dagokionean lan ildo eta irizpide desberdinak berretsi nahi ditugu:

- Hizkuntza helburu argiak eta ebaluagarriak ezinbestekoak dira, pertsona euskaldun eleaniztunak hezi nahi ditugu eta. Hizkuntzen ebaluazioa Europako erreferentzi Markoan kokatzen dugu
- Euskararen erabilera bultzatu eta indartu behar da, behar dugu, ez baitago hizkuntza batean mintzo ez den hiztun konpetenterik. Hau ez da bakarrik eskolaren erantzukizuna.
- Prozesua, hezkuntza eta gizarte eragileekin batera, planifikatu behar da (irakaslegoaren formazioa, erritmoak, hizkuntza baliabideak, tokiko administrazioen partaidetza, baliabide ekonomikoak, …)

Lege berria behar dugu eta bere baitan bildu beharko lituzkeen edukiak, Hezkuntza Sistema propio baterako atea zabaltzeaz gain, bereziko ondorengo helburu eta lehentasunei erantzun beharko liekela uste dugu:

Euskara ardatz duen elebitasun erreala eta eleaniztasuna bideratzea, Europako Erreferentzia Markoak proposatzen duen hizkuntzen lorpen-maila erreferentziatzat hartuz eta eskola bakoitzak bere hizkuntza-errealitatera egokituz. Hori bideratzeko, eskola guztiek Hizkuntza Proiektua eta Plana definitu beharko lituzkete. Proiektu horrek gelaz eta eskolaz kanpoko eta aisialdiko egoeretan hizkuntzaz egoki eta efikaziaz baliatzeko ekimenak ere integratu beharko lituzke, ikasleak pertsonarteko harreman ez-formalek eskatzen duten komunikaziorako konpetentzia modu naturalean gara dezan.