Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

212

Kontuak ez daude berriketarako

Dani Larrea | 2013-04-05 | 12:11:32

Egia da bizi garen garai hauetan kontuak ez daudela berriketarako; besteak zioen legez "lenengo aza-zopia eta gero filosofia". Eta filosofia aipatu dugunez, ohikoa da esatea, norbaitek botatako esaldiren bat entzun ondoren, "hori tabernako filosofia izango da".


Ondoren kontatuko dudana, bada, taberna baten gertatutakoa, hobeto esan, entzundakoa da. Han ari zen ordu horietan finko samarra izaten den koadrillatxoa eguneroko berriak aztertzen, mundua konpontzeko ahaleginean, eta, halako baten, taldekide batek bota zuen: "Badakizue halako herritan lanpostu bat atera dutela zaharren egoitzan zaintzaile moduan lan egin ahal izateko?". Horrek konpondu beharreko mundua askoz ere gertuagoko egiten zuen, guztiak jakinean baitzeuden lanpostuaren berri eman zuena lanik gabe zegoela eta, gainera, ziur aski beteko zituela lan jardun hartan aritzeko eskatzen zituzten betebeharrak (bizpahiru modulu berezi eginak zituen, tituluren bat ere lortua zuen…).


Eta horrenbestean, handik aurrerako konbertsazioa lanpostuaren ezaugarrien ingurukoa izango zen, batik bat euren lagunak lehendabizi hautatze probara aurkezterik izango ote zuen jakiteko eta baiezkotan lanpostuaz jabetzeko izan zitzakeen aukeren inguruan analisia egiteko, beste baxoerdi bat hartzen zuten bitartean.


Mundua ez dakit konpondu zuten baina nik tabernatik alde egin nuenean trabatuta ikusi nituen, ez atzera, ez aurrera. Eta zein zen, bada, egoera horretara eraman zituen kontua: zaharren egoitzan lan egin ahal izateko euskarazko bigarren hizkuntza eskakizuna eskatzen zutela eta maila hori hauta proban bertan erakutsi beharko zutela hautagaiek. Denetariko iritziak entzun ahal izan genituen: lan horretarako normala eta logikoa zela, geunden egoera ekonomikoan ez zegoela eskubiderik, ez zela justua… Uste dut edozeinek imajina dezakeela solasaldiaren nondik norakoa.


Handik egun gutxira, berriz, irratian entzun nuen Espainian ez dakit zein lege berritu behar zutela eta proposatuko ziren aldaketen artean izan zen bat nire arreta merezi izan zuena: hemendik aurrera nazionalitate espainiarra eskatzen dutenei azterketa edo test moduko bat egingo zaiela gazteleraren ezagutza eta gizartean (hangoan) duten integrazio maila egiaztatzeko.


To eta no! Badaukat gaia nire tabernako filosofoei planteatzeko. Kontatuko dizuet.