Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

199

Urrezko aroa sekula ez da izan gaurko aroa

Elvira Lizeaga Urdanpilleta | 2013-03-26 | 16:17:47

Euskal gizarteari orain dela hogeita hamar urteko ikuspegiarekin begiratzeko joera dugu; joandako garai hura gaurkoarekin alderatzekoa. Neurri bateraino normala, eta, konparazioa alde batera utziz gero, beharrezkoa den ariketa, bereziki ibilbidearen nondik norakoa aztertzerakoan.


Baina maiz entzuten dira garai haietako begien ahotsak gaurko euskalgintzari begira, kritika eraikitzailetik harago, konparaziotan, esango nuke: lehengoa ez bezala, geldirik dagoela; ez duela jakin arazo honi edo besteari garaiz eta behar bezala erantzuten; orain gazte gutxi sortzen dela euskararen inguruko mugimenduetan… Orain dela hamar-hamabost urte, hain ezberdinak ote ziren kontuak?


Horrela hastean, badirudi geurean bakarrik gertatzen diren gaitzez ari garela, baina edozein gizarte esparrutan gauzak berdintsu daude. Bestetik, nik ikusten dudan euskalgintza ez dago geldirik. Nekatua bai, ziur aski; izan ere, gogoaren bultzada da emaitzak sortzen dituena, eta, aldi berean, emaitzek gogoa elikatzen dute, biak gurpil baten antzera mugituko balira bezala. Euskararen kasuan, emaitzak ahaleginen neurrikoak izan ez diren arren, gurpila ez da zulatu. Hortxe jarraitzen du, azkarrago edo motelago, baina mugimenduan. Euskalgintza honaino iritsi da gurpil horren gainean. Ez da nahi bezain sendo egongo akaso, baina, pedalek edo motor batek eraginda, aurrera jarraitzen du –hori ere aztergai interesgarria–. Bidea ikusteko garaian, ordea, zalantzan jartzen dut duela 30 urteko begi horiek orduko bista ona dutenik gaur.


Kontrakotasunak orduan baziren eta orain ere bai, baina gaurko gizartea ezberdina da oso ordukoarekin alderatuta, eta, ezinbestean, gizarte aldaketekin batera, euskaltzaletasuna, eragileak eta aktibazio moduak ere aldatu dira. Batzuetan, iraganean sustraitutako oroiminaren usain gazi-gozoa sumatzen diet konparazioei, eztabaida nahiko antzuen doinua eta aurrera segitzeko zama. Ingelesek dioten moduan, urrezko aroa ez baita sekula gaurko aroa izan.