Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

194

Korrikaaaa!

Karmele Aierbe | 2013-03-15 | 14:10:18

Korrika, Euskal Herrian euskararen alde egiten den ekimen jendetsuena eta erraldoiena da. Herri ekimenetik sortutakoa izanik, herritarren babesa eta sustapena izan du hasiera-hasieratik, Euskal Herria euskalduna lortzeko bidean, Korrikak ekarpen bikaina egiten dio euskarari.


Euskara garai erabakigarrian aurkitzen da. Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesua bidegurutzean aurkitzen da. Aldaketa hau norabide egokian emango dela ziurtatzea euskaldunon esku dago; gure esku dago mendetako galerarako joera itzuli eta euskarari, eta ondorioz Euskal Herriari, etorkizuna ziurtatuko dion marko demokratikoa eskuratzea.
Euskararen aldeko lanean garai berria abiatu beharra dago. Euskalgintzak eta euskaltzaleok urteetan aldarrikatu dugun aldaketa gauzatzeko garaia iritsi da. Baina aldaketa hau ezin da edozein modukoa izan. Sektore erregionalistek aldaketa-premia hau indarrean dauden mendeko hizkuntza-politikak berritzeko baliatu nahi dute, herritarren gogoari eta euskararen beharrei iruzur berria eginez.


Aldaketa horren muina euskaraz bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak eskuratzean datza. Horien artean, euskarari izaera ofizial osoa eta erreala onartuko dion estatus juridiko berria aurkitzen da. Ofizialtasun onarpen honek euskara Euskal Herriko hizkuntza nazional, berezkoa eta lehentasunezkoa izendatuko du; eta, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatuko ditu. Bide honetatik hizkuntza-politika berria aplikatzeko aukerari ateak irekiko zaizkio.


Makina bat lan daukagu egiteko Euskal Herria euskalduntze bidean, herritar guztiok dugu geure tokia eta egitekoa, guztion zeregina baita Euskal Herria euskalduntzea. Helduen euskalduntze sektoreak, eta honen barruan AEKk, urteak daramatza Euskal Herri euskalduna lortzeko lanean murgildua .


KORRIKA 18ak "Eman euskara elkarri" dio. Elkar ulertzeko eta elkarbizitzarako berezko tresna euskara dugula adierazi nahi du leloak. Korrikak, herrietan euskararen aldeko bilgune zabalak sortzeko aukera aparta ematen digu eta auzolanean, herri osoak, atzera bueltarik gabe, euskaraz bizitzeko aukera eta bere geroa ziurtatuko duen bide oparoa eraikitzeko baliatu behar dugu.