Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

193

"Handitzen handitzen, hasi naiz handitzen"

Koldo Tellitu | 2013-03-14 | 13:56:09

“0-3 zikloa ez da hezkuntza, kontziliazioa baizik”. Alegia, “izaera asistentzial” hutsa du Haur Hezkuntzaren lehen zikloak. Hitz horiekin natorkizue, baina ez zaitezte asaldatu, ez baitira nireak, eta are gutxiago egiten dut bat hitz horiekin eta hitz horiek esan zituenarekin. Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroaren hitzak dira. Esaldi horrekin hasi zuen iazko urtea. Ondotxo dakigu zer etorri zen hurrena; baina dagoeneko ez zen kirtenkeria huts baten segida, LOMCE egitasmoan idatzita zekarren Espainiako Gobernuaren hezkuntza proiektua baizik.

Ez dut LOMCEren aurkako ikastolon jarrera errepikatuko. Argi utzi dugu zer atzerapauso dakarren hezkuntzako ia alor guztietan. Aipatu dudan esaldi hori berreskuratuko dut, ordea, hura irauli eta beste hau esateko: Haur Hezkuntza, 0-6 adin tartea hartzen duena, alegia, baita 0-3 zikloa ere, oso garrantzitsua da haurraren garapenean, eta Wert ministroak kontrakoa dioen arren, izaera asistentzialetik askoz harago, haurraren garapen horretan funtsezko eginkizuna betetzen du eskola-sistemak.

LOGSE legeak berak etapa hezitzaile bezala definitu zuen 0-6 urte tartea. Duela 23 urte jarri zen indarrean. Ordutik aurrera bi urteko gelak orokortu dira eta 0-3 zikloaren planifikazioak egin dira. Alegia, etapa bakar bat bezala ulertu behar da bere osotasunean.

Ikastoletan ere hala heldu genion etapa honi. Haur Hezkuntza etapa bakar bat bezala hartuta, osotasunean, bi zikloek, euste-hormarik gabeko ibaien gisan, iturburutik bokaleraino korronte naturala osa dezaten; jauzirik gabe, etenik gabe, igaro daitezen baita ere LHra eta, geroago, DBHra. Hau dena ahalabideratzeko ikastolak bere hezkuntza proiektuan egindako hezkuntza-aukera eta jardunbide-ildo nagusiak jasotzen dituen proposamenan jaso beharko du.

Haur Hezkuntzan, beraz, Lan metodologikoa ezarri da esperientzietan, jardueretan eta jolas-jokoetan oinarrituta; dena maitasun eta konfiantza ingurune batean murgildurik, haur guztien auto-estimua eta gizarteratzea sustatzeko helburuarekin.

Irakaskuntza aktiboaren oinarria ekintza da, eta Ikastolen Elkartean ekintzaileak gara. Etengabe ari gara gauzak sortzen, berritzen eta hobetzen. Horren lekuko, gaur egun Euskal Curriculumaren alorrean finkatu ditugun helburuak ditugu. Badakigu zer nahi dugun gure haurrentzat derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenerako: euskaran eta euskal kulturan oinarrituta edozein egoeraren aurrean erantzuten dakiten pertsonak izatea.

Nolanahi ere, haur bakoitzak garapen erritmo propioa daukanez, sailkapen guztien gainetik, bakoitzaren bilakaera indartzea eta errespetatzea izango da hezkuntzaren helburua.

Eta non kokatzen da etapa honetan gure hizkuntza, gure euskara. Enborreko alorretik erauzteko kanpotik datorkigun saioaren aurrean, esan beharra daukagu ikastolontzat, euskara, enborrekoa baino gehiago dela; sustraiak, are, zuhaitz osoa da.

Haur Hezkuntza aipatu nahi dut berriro, bereziki haurren mundu sinbolikoa orduan eraikitzen ari baita. Afektibitateak ere berebiziko garrantzia du; haurrak euskarara eta euskal kulturara goxotasunez eta maitasunez hurbiltzen baditugu, horrek oinarri sendoak eskainiko baitizkigu aurrera begira, eta euskararen hurbiltze eta ikaste bidea asko samurtuko baitu. Beraz, irakasleek bereziki zaindu beharko dute harreman afektiboen kalitatea. Afektiboki asebetetzen duten harremanak euskaraz garatzen badira, motibagarria izango baita haurrarentzat eta euskararekiko izango duen jarreran eragin positiboa izango baitu.

0-6 urte arteko haurren ezaugarri psikologikoen inguruan eginiko ikerketetan egiaztatu da haurrek adin horretan hizkuntzak ikaskuntzaz baino gehiago jabetzaz bereganatzen dituztela. Ondorioz, haurrak erraztasun handiagoarekin bereganatuko du euskara, etxeko hizkuntza ez den kasuetan ere.

Horra hor, 0-6 urteko haurren euskalduntzea hain indartsu azpimarratzeko arrazoiak.