Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

188

GORA KORRIKA! GORA AEK!

Mertxe Mugika | 2013-03-13 | 07:49:42

Martxoaren 14an arratsaldeko 16:30ean emango diogu hasiera KORRIKA 18ri. Hamaika egunean zehar, euskal herriko errepideak, espaloiak, bazterrak... jendez beteko dira eta gehien entzungo den aldarria EMAN EUSKARA ELKARRI izango da. Emozioz beteriko 11 egun izango dira. Korrika igaroko den herri guztietan une magikoa gozatzeko aukera izango dugu, bide bazterretan eguneko edozein ordutan, euskararen aldeko lasterketa erraldoia noiz iritsiko zain. Lehenengo furgonetaren musika entzun orduko, saltoka eta algaraka batzuk, emozioak eragindako malkotan beste hainbat. Izugarria da KORRIKAk sortzen duen zirrara. Bi urtean behin, herri hau bizirik dagoela eta bere kultura eta berezkoa duen hizkuntza berpizteko grina dagoela ikusarazten dugu ekimen honen bidez. Antolatzaileontzat zinez pozgarria da hori. Haatik, KORRIKAk beste gauza asko ere zabaltzen ditu, eta aurtengoan barreiatuko duen mezuak oso agerian egon behar du 11 egun hauetan. AEK-ko kideok hizkuntza eta kultura bizien arteko bizikidetza aldarrikatzen dugu, eta munduarentzat defendatzen dugun kultura aniztasuna bertoko aberastasunaren errespetuan eta sustapenean oinarritu behar dela uste dugu. Horregatik dugu helburu euskararen ikaskuntzan eta erabileran oinarritutako elkarbizitza. Horretan sinesten dugu eta horretan ari gara lanean buru-belarri. Euskara hizkuntza bizia da, baina aldi berean bere egoera ahula da, oso kezkagarria lurralde batzuetan. Horregatik, ekimen erraldoi honen bidez, bakoitzak bere arduratik, euskara ikasteko eta erabiltzeko deia egiten dugu. Izan ere, euskara euskal herritarron elkarbizitzarako gakoa dela esan dugu, elkarrekin bizitzeko, elkarri hitz egiteko, elkarri entzuteko eta elkar ulertzeko tresna, eta horretarako beharrezkoa da euskal herritarrok euskal kultura ezagutzea eta euskara jakitea. Lerro hauek probestuz, ez nuke aukera galdu nahi ekimen erraldoi hau aurrera ateratzen laguntzen diguten guztien lana eskertzeko, gu heltzen ez garen herrietan KORRIKA antolatzeko ematen diguten laguntzagatik. Asko eta asko baitira, beraien egunerokoa bikain betetzeaz gain, KORRIKAk suposatzen duen gainkargari eusten dioten AEKzale eta laguntzaileak, guztiak euskalakari. Oraingoan, besterik ez. Euskal Herriko edozein bide bazterretan, EMAN EUSKARA ELKARRI oihukatzen, elkar ikusiko dugulakoan agurtzen zaituztet.