Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

186

Martxoaren 8tik abenduaren 3ra

Arritxu Zelaia | 2013-03-12 | 14:15:08

Pasa den ostiralean bazterrik bazter entzun ziren diskurtso gehienei emakume hitza kendu eta euskara jarriko bagenio, hortxe abenduaren 3rako lana aurreratuta: "asko egin dugu, bidea egin dugu baina oraindik asko dugu egiteko" "ospakizuna eta aldarrikapena" "ahalduntzea", "ikusaraztea" "egun guztiak dira euskararenak/ emakumearenak". Antzeko hitzekin osatzen dira askotan bateko eta bestekoak.


Antzekotasun handia dute hainbat arlotan feminismoak eta euskalgintzak. Mugimendu moduan aztertu eta erkatu izan ditu Mari Luz Estebanek besteak beste. Elkarrengandik ikasteko asko dute. Ajeak eta ondo egindakoak batean zein bestean daude. Baina mugimendu bezala elkarrengandik ikasteko dutenaz harago, mugimendu batek bestea zenbateraino egin duen bere da beste galdera. Feminismoan ikusi izan dut euskararen gaia txertatuta, euskalgintzan parekidetasuna txertatzetik urrunago ote gauden susmoa dut.


Begiratu bestela genero ikuspegitik euskalgintzako aginte koadroak, ordezkaritza, teknikari, behargin, irakasle, zuzendari, eta nor dagoen non. Ez datoz bat oinarrian dagoen generoen banaketa eta goi mailako ordezkaritzarena. Kopuruaz gain, zelako lekua du euskalgintzan emakumearen ahotsak, nolako egiturak daude, zenbat erreparatu zaio genero ikuspegiari, zein neurri aplikatu dira.


Feminismoa eta euskalgintzako bideak paraleloan egin dira, bidegurutze gutxirekin. Feminismoan euskararen ikuspegia txertatuago ikusi dut, euskalgintzan feminismoarena baino. Baina bi noranzko bideak behar dira.