Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

185

Korrikak 18

Zigor Etxeburua Urbizu | 2013-03-12 | 13:28:13

Euskal Herrian gertatu zaiguna ez da normala. Euskaldunok antolatu beharra izan dugu, gure hizkuntzan bizi ahal izateko. Ezin izan dugu euskaraz bizi normaltasunez. Non gertatzen da halakorik? estatu hizkuntzak dituzten tokietan? ez, berezko hizkuntza gutxituta eta, areago, gutxiagotuta dugun lurraldeetan.


Koldo Mitxelena hizkuntzalariak esan zuen euskararen egiazko misterioa iraupena dela, ez jatorria, baina jakin badakigu nola iraun duen gure hizkuntzak gaurdaino. Herri gogoak ekarri du euskara eskuz esku, ahoz aho; elkarri eman diogu, eta emango diogu.


Euskal herritarrak dira hizkuntza-normalizazioan egindako aurrerapausoen protagonista nagusiak. Hamarkadetan, itzelezko lan antolatua egin du euskal jendarteak, auzolanean, traba guztien gainetik, herri gogoa eragin, egiturak sortu eta ekimenak abian jarriz, gure hizkuntzaren etorkizuna ziurtatu eta euskaraz bizitzera iristeko: haurrei etxean eta ikastetxeetan irakatsiz; kultur bizitza oparoa sortuz euskaratik eta euskaraz; gure hizkuntzan mintzo zaizkigun hedabideak eginez; euskara lantokietan eta zerbitzuetan zabaltzeko lan eginez, eta gure hizkuntza etxean edo ikastetxean jasotzeko modurik izan ez dutenei ere, euskara eskuratzeko modua eskainiz, gau eskola, euskaltegi eta barnetegiak antolatuz.


Herriaren meritua da, irakasleena, diruz lagundu duten pertsona anonimoena eta, handiena, ikasleena. Euskara berreskuratzeko nahitaezkoa da gure hizkuntza ezagutzen duten herritar kopurua nabarmen handitzea. Asko izan dira etxean edo eskolan euskara jaso ez eta euskaltegira jo behar izan dutenak, lanetik aterata, baita desordutan ere, euskara ikastera, ahalegin miresgarrian. Euskara ikasi dutenek egin dute euskararen aldeko apustua, euskara ikasiz eta erabiliz. Euskara bizitzeko modurik eraginkorrena euskaraz bizitzea baita, aldez edo moldez, baina euskaraz. Adeitasuna erakutsi digute Euskal Herriari, euskarari eta euskaldunoi, eta zorretan gaude.


Haiekin batera, Korrika aipatu nahi dut, Euskal Herria euskaldunago izaten laguntzen baitu, oraindik euskaraz nahikotasunez moldatzen ez diren herritarrei beren gaitasuna handitzeko gonbidapen atsegina luzatzen dielako.


Azkenik, ezin ahaztu, ahalik eta euskal hiztun kopururik handiena lortu asmoz, beren denbora eta indarrak eskainiz irakasle lanetan urtetan aritu diren ehunka (milaka?) euskal herritarrak. Emaitza bikaina izan da, milaka euskal herritarrek euskara ikastea lortu izana. Jakina, oraindik bada lana franko. Zalantzarik ez dugu, Helduen Euskalduntzeak orain arte erakutsi duen kemen eta gogoa aurrerantzean ere hortxe izango ditugula.