Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

180

Aukera galduen balioaz

Leire Cancio Orueta | 2013-03-06 | 14:28:12

Bada ekonomian erabili ohi den adierazle bat, arrisku-primaz eta defizit publikoaz haratago: aukera-kostuarena. Aukera-kostuak erabaki bat hartzeagatik baztertzen diren aukeren etekina neurtzen du. Kontzeptu honek funtzionatu ahal izateko, bi dira derrigorrezko baldintzak: baliabide mugatuak dituen ingurune bat, eta erabakiak hartzean arrazionala den norbanakoa. Adierazleak hainbat eremutan du zentzua, bai lan munduan, bai eremu pribatuan edota politika ekonomikoan. Horren arabera, enpresek, pertsonek edo erakunde publikoek erabakiak hartuko lituzkete euren aukera-kostua minimizatzeko helburuarekin. Hau da, etekin-galerarik txikiena eragingo luken aukera hautatuko genuke.


Kontzeptua ekonomia sozialarekin jaio zen, ekonomilari austriar baten eskutik (Friedrich von Wieser), XX. mendearen hasieran. Hain zuzen ere, kostua produktu edo zerbitzu baten gastu esplizitua zela defendatzen zuten ekonomialari ingelesei kontrajarri nahirik sortu zen.
Aukera-kostuaren arabera, erabaki bat hartzen dugunean, erabaki horren eta dauden aukera desberdinen balioa kalkulatzen dugu. Lagun batekin zinera joan, etxean gelditu edo korrika egitera atera aukeren artean erabaki beharko bagenu, erabakia ez genuke hartuko sarreraren prezioaren arabera soilik, erabakia hartzerakoan beste faktore askok hartuko lukete parte. Lagun horrekin dugun erlazioa, egiten duen eguraldia, etxean berogailua dugun ala ez, eta abar jarriko genituzke balantzan horietako bat hautatu aurretik. Horrela, ekuazio horretan hainbat aldagai sartu ondoren, baztertzen dugun aukerak emango ligukeen irabazia gutxitzeko helburuarekin hartuko genuke erabakia.
Arrazonamenduari jarraikiz, Euskalgintza deitzen dugun sektore askotariko eta zabal honetako partaide askok ere, gure egitasmoetan aritzeko hautua aukera-kostuaren arabera hartuko genuen akaso, kontziente ez bagara ere. Gureak bezalako proiektuak ez existitzearen kostua handiegia zela uste genuelako ekingo genion. Modu guztietara irrazionalak ziruditen erabakien atzean Wieserren aukera-kostua zegoen.


Alabaina, ekuazio honetan, etekin horren adierazgarri diren aldagaietan dago gakoa. Horren baitan izan daiteke etekin bat edo beste handia edo txikia. Hortxe dago koska. Aldagai horien atzean norbanakoek "balio" deitzen ditugunak daude, edo erakundeek "lehentasun" deitzen dieten kontzeptu higikorrak.
Baliabide are mugatuagoak ditugun garai hauetan (beti izan dira mugatuak baliabideak, bestela jokatu izan badugu ere), aukera-kostua berreskuratu beharra aldarrikatu nahiko nuke. Gure erabakiek, gure proiektuek, gure aurrekontuek dituzten partiden gainetik begirada altxatu eta beste aukerek sortzen duten etekin galdua neurtu dezagun.


Etekina ukiezina bada ere. Etekina ukiezina izanagatik.