Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

174

Gora Korrika

Koldo Tellitu | 2013-02-28 | 14:14:36

Euskarak dio izena ematen HERRI honi, EUSKARAren HERRIAri, Euskal HERRIari. Eta hemen bizi garenok -bertan jaiotako nahiz bizimodu hobe baten bila edo bizitzeko leku bila etorritakook- dugu, gaur eta hemen, haren indarberritzea bilatzeko erantzukizuna oso-osorik. Euskarak euskarazko HITZAk baliatuko dituzten pertsona helduak zein gazteak behar ditu, baliatzen ez dena herdoiltzen baita, erabiltzen ez denak ez baitu aurrera egiten, atzera baizik, ez du garabiderik. Gure hizkuntzak, belaunez belaun euskararen LEKUKOtasunari segida ematea eskatzen du, ondorengoen ezpainetara igarotzen ez denak, ez baitu etorkizunik, irauterik. Euskarak, hiztunez gainera, erabilia izateko eremuak behar ditu, horretarako bakoitzak dezakeenetik besteekin ELKARLANEAN arituz.

Ikastolen mugimenduak eskolak, bere eragin hutsez, euskara ezin duela indarberritu askotan errepikatu izan du. Izan ere, euskara normalizatzeko herritarren konpromiso sendoaz batera, askotariko elkarte eta erakundeen arteko lankidetza egitasmoak konpartitzea ezinbestekoa da. Horiek horrela, ikastolen mugimenduaren goreneko ordezkaria naizen aldetik, gure atxikimendua adierazi nahi diot bai AEKri nola baita Korrikari. AEKri, gu bezala, gizarteak euskararen normalizazioa ahalbidetzeko asmoz, sortutako eta mantendutako erakundea delako. Korrikari, auzoz auzo, herriz herri, lurraldez lurralde, belaunez belaun euskara DENONA eta DENONTZAT dela azpimarratzen ahalegintzen delako.

Gizarte hau askotarikoa da, beraz, bakoitza nonahi jaioa delarik, zernahi pentsatzen duelarik, nonahi bizi delarik, euskararen aldeko ekimen honetan esku hartzeko deia egin nahi diot ikastolen mugimendutik. Euskarak batu egin behar gaitu, ez bereizi. Gure hizkuntzak haren indarberritzea irabazteko lotu egin behar gaitu. Pasa diezaiogun elkarri euskararen aldeko LEKUKOA, zintzotasunez, ikuspegi zabalez eta berritu dezagun euskararen aldeko konpromisoa, bidenabar.