Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

173

Marra gorriak

Paul Bilbao Sarria | 2013-02-28 | 10:30:13

Gaurkoan BERRIA hartutakoan, lerro buruak eguna ozpindu dit: Euskara eta kultura ez dira sartuko Eusko Jaurlaritzaren marra gorrietan. Nire ustez lerro buru horrek hitz bat du faltan: Euskara eta kultura ez dira Eusko Jaurlaritzaren marra gorrietan ere sartuko.


Azken hilabeteotan behin baino gehiagotan adierazi dugu euskara ez dela inongo marra gorrietan sartzen; ez dute sartzen gure herrian abian dagoen normalizazio politikorako prozesuan, ez dute sartu hauteskunde-kanpainetan, eta oraingoan, 2013ko EAEko aurrekontuetan ere ez dute sartuko.


Horrek zer pentsa ematen dit, eta Euskalgintzan zerbait zuzen egiten ari ez garen sentsazioa dut, ez dugulako benetako gaitasunik horietan guztietan eragiteko. Halere, gai hori aurreragoko eztabaidarako utziko dut, gaurkoan beste elementu bat azpimarratu nahiko nukeelako.


Barruko orrietan berria bere osotasunean irakurri dut. Bertan euskalgintzako hainbat kideren iritzia jaso dute eta bat egiten dut esaten duten guztiarekin: ziurgabetasuna, sarraskia, kezka, kaltea…


Nik beste zerbait erantsiko nioke esandakoari: Zein neurri aurreikusten du Jaurlaritza berriak dirulaguntzetan izango den jaitsiera orekatzeko, eta euskararen normalizazio-prozesuan urrats eragingarriak emateko? Hizkuntza-politika bi modutara egin daiteke, arau bidez eta laguntza bidez. Badago diru bidez besterik lagun ezin daitezkeen jardunak, baina badaude normalizazioan aurrerapausoak emateko eta zero euroko inbertsioarekin abian jar daitezkeen neurriak. Urkullu lehendakariak adierazi du euskara lehentasuna izango dela, baina ez bakarrik zenbakietan oinarrituz. Hartara, erabakietan urrats ausartak emango dituztela ondorioztatu nahi dut, bestela ez nuke ezer ulertuko. Hala bedi!!!