Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

172

Helduen Euskalduntze Alfabetatzea; doakotasuneranzko urratsak ezinbestekoak dira

Mertxe Mugika | 2013-02-27 | 06:58:57

Gipuzkoako Foru Aldundiak 395.000 euro bideratuko ditu ikasleek euskara ikasteko ordaintzen duten dirutza gutxitzeko, beti ere langabetuak lehenetsita. Aldundiak diru-laguntza horiek udalek zuzenean kudeatzea nahi du eta, horretarako, laguntza sistema bateratu nahi du. Dudarik gabe, Euskaltegietako ordezkariontzat horrelako ekimenak txalogarriak dira; izan ere, doakotasuna aspaldiko aldarrikapena da Helduen Euskalduntze Alfabetatzean.

Dena dela, horrelako erabakiak adabakiak besterik ez dira. Une honetan euskaltegi sareak benetako eta oinarrizko onarpena behar du ikasle-jendea bertara hurbiltzea nahi badugu, behintzat. Azken urteotan ikasle gutxiago animatu da ikastera, egia da, eta asko izan daitezke arrazoiak: krisia, euskararen prestigio falta, berezkoa dugun hizkuntza ikasteko ordaindu beharreko dirutza…

Herri honetan euskararen normalizazioan lan handia egin duen sektore hau berpiztu beharra dago eta, etorkizunari begira, erabaki ausartak hartzea ezinbestekoa da. Bestela, zoritxarrez, zail izango dugu aurrera egitea.

Hemendik gutxira, EAEn, aurrekontuen proposamena ezagutuko dugu eta, nire uste apalean, orain da garaia segidan proposatzen diren pausuak emateko eta euskara ikasi eta erabili nahi duen herritarrak babestuko dituen hizkuntza politikak egiteko. Beraz, aurrekontu proposamen horretan, gutxienez hurrengo helburuak betetzeari begira jarri behar direlakoan nago:

• Euskaltegieko finantzazio-sistema egonkor batera heldu ahal izateko baliabideak bermatzea.
• Euskara ikastea ahalik eta merkeena izateko baliabideak jartzea herritar orori.
• Helduen Euskalduntzearen eta Alfabetatzearen sustapen orokorra egitea gizarte arlo guztiei begira.
• Euskara ikastearen, hobetzearen eta erabiltzearen prestigioa ahalbidetzeko baliabideak martxan jartzea.


Hori epe motz-ertainean ezinbeseteko badugu ere, epe laburrean, berriz, hemendik eta iraila bitartean, beharrezkoa da ikasleak euskaltegietara erakartzeko plana garatzea eta hori administrazioak sektorearekin elkarlanean burutzea. Horretarako, jakina, ezinbestekoak dira ikasleei ematen zitzaizkien diru laguntzak berreskuratzea eta laguntzarik ez daukaten toki administrazioetan ere ematen hastea. Bestalde, denon onurarako, diru-laguntzak emateko baldintzetan eta prozeduretan dauden irizpideak berraztertu, egokitu eta bateratu behar dira.

Askotarikoak dira hartu beharreko neurriak, baina, Hego Euskal Herriko bi hizkuntz ofizialen arteko berdintasuna lortu nahi badugu, has gaitezen Helduen Euskalduntze Alfabetatzeari dagokiona onartzen.