Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

169

Euskarak estatu egiturak behar ditu, aukera eraginkorrak izateko arlo guztietan

Karmele Aierbe | 2013-02-25 | 10:04:39

Euskal Herri euskalduna berrezartzeari benetako aukera ematea da Euskararen normalkuntza. Ez da borondatearen kontua bakarrik, baldintza sozialena baizik; hau da, aukerak eman behar dira euskara beharrezkoa izan dadin eta inork eragotzi ez dezan.


Horretarako, nahitaezkoa da herritar guztiek euskara jakitea. Hizkuntza jakin gabe ulertzea eta erabiltzea ezinezkoa baita. Baina egun hauetan, Espainiak eta Frantziak euskararen normalkuntzarako nahitaezko baldintza hori ukatzen digute.


Hego Euskal Herrian, Wert ministro espainiarraren eraso larria jaso dugu; Nafarroan, Iribas kontseilariak ingelesaren eredua zabaldu nahia du edo eta Euskalerria irratiari lizentzia enegarrenez ukatzea, euskarazko ereduaren kontra; Iparraldean ere, suprefetak ikastolen aurka egin du. Horrenbestez, belaunaldi berri guztiak ez dira euskalduntzen eta, modu horretan, hizkuntz normalkuntza eraginkortasunez galarazten ari dira.


Lotsagarria da XXI mendean, Frantziaren jakobinismoak eta Espainiaren zentralismoak jarraitzea; historikoki erabili duten espantsionismoa iraunaraztea; gaztelania eta frantsesa euren jatorrizko lurraldetik kanpo inposatzea eta euskararen berezko lurraldean ezartzea.


Eraso horri aurre egiteko, euskalgintzarekin batera, eragile politikoen, sozialen eta herri partaidetzarik irekiena bultzatuz, derrigorrezkoak dira akordio sakonak eta zabalak lortzea Euskal Herrian, behetik gora eragiteko, hezkuntza sistema propioa eraikitzeko eta ahots bakar batekin jarduteko bi estatuen aurrean.


Egungo politikek ez dute balio Euskal Herri euskalduna berrezartzeko. EAJ eta PSOEren arteko azken 30 urteko adostasuna ez da euskarak behar duena; ez da normalizazioaren aurreproiektu bat. Horregatik, ezker abertzalea euskara normalizatzeko beharrezkoa den politikaren aldeko eskaintza luzatzen ari da.


Bide horretan beharrezkoa eta bidezkoa da estatu espainiarrak eta frantsesak beren estatu-hizkuntza ofizialei ematen dieten balio ierarkizatzailea bertan behera uztea, haien hizkuntz espantsionismoa eraistea, eta euskarari (eta gainerako nazioen hizkuntza gutxietsiei) Europako estatu-hizkuntzaren maila aitortzea.


Irizpide estandar gisa Europako edozein estatu-hizkuntzarena hartzen baldin badugu, euskarak Euskal Herrian bizitzeko beharrezko hizkuntza bakarra izatera iritsi behar du. Gure borroka ez da erdal hiztunen kontra. Ezta gaztelania eta frantsesaren aurka ere. Hizkuntza horien espantsionismoaren aurka baizik.


Norberak dugun erdara galdu gabe, Euskal Herri euskalduna berrezarri nahi dugu; pertsona, hizkuntza, kultura eta herri oro maitatuz elkartasunez. Berdinak gara duintasunean eta berdintasunezko tratamendua eskatzen dugu. Euskarak estatu egiturak behar ditu, aukera eraginkorrak izateko hezkuntzan, komunikabideetan, administrazioan, lan munduan, erabilera ofizialetan, aisialdian, ...