Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

167

Eskubideen zulo beltz bat

Elvira Lizeaga | 2013-02-15 | 19:09:46

Euskal Herriko guraso askok ezin dute, oraindik, nahi duten irakaskuntza eredua hautatu beraien seme-alabak eskolatzeko. Hori da, esate baterako, Nafarroako eremu ez euskalduneko guraso askoren egoera. Bermeon, Hernanin edo Goizuetan jaiotako bati adinako hizkuntza-eskubideak dagozkie Artaxoakoei edo Hendaiakoei, baina non sortu, politika egiten dutenek hala erabakitzen badute, legeak ez dizu eskubide hori aitortuko. Gauza bat baita eskubidea eta, bestea, politika edo legea.


Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak ere eskubide hori jasotzen du, 29.1. artikuluan. "Gizaki orok eskubidea dauka hezkuntza jasotzeko bera bizi den lekuko hizkuntza propioan"; eta, horrez gain, vascuencearen legeak dio euskara Nafarroako hizkuntza berekia dela.


Miresteko moduko irmotasuna erakusten dute guraso horiek goizetik hasi eta eguneroko borrokan. Nafarroako Parlamentura ere joan dira, baina erantzuna entzute hutsak gogaitu egiten du bat. Guraso horien aukera "errespetatzen" omen dute. Behatokiko Garbiñe Petriatik aditzera eman bezala, hori ez da Parlamentuaren funtzioen artean agertzen. Errespetua guraso horien ahaleginak sortzen du, bidezko gizarte baten alde lanean ari direlako, eta eskubide horiei behingoz bide ematea da Parlamentuak egin beharko lukeena.


Euskaldunok kontrakotasunetik eta elkartasunetik elikatzen den indar berezi bat badaukagu, gure izaeraren alde jokatzeko orduan; eta elkarri babesa eman izan dion kontzientzia kolektibo bat ere bai. Egia izan daiteke gaur egun nahiko pitzatuta dagoela kontzientzia hori, izan ere, emaitza jaso dute euskararen tokia pusketan ebaki izanak, lurralde banaketa administratiboek, hizkuntza-politika zein legedi ezberdin eta ezberdintzaileek, zatiketa politikoek, hiztunen sakabanaketek, tipologia soziolinguistikoen sailkapenek… eta neurri baterainoko nahiko badaezpadako ongizate edo erosotasun linguistikoek ere bai, kontzientzia kolektibo horrek ahaztuta baitauka zer den maila horretako borrokan ibili beharra.


Gure aurrekoek egindako lanari esker, ikastolen epelean hazi ginen gutako asko, D eredua eskola publikoan ezagutu aurretik. Lehia hori neurri batean irabazi genuenez, derrigorrezko hezkuntza euskaraz jaso dezakegula barneratu dugu euskaldun batzuek (ikusiko dugu, dena den, haize wertizatzaileek noraino eramaten gaituzten). Baina kontua da gutako batzuek bakarrik lortu genuela. Kontzientzia kolektibo hori osatzen jarraitzeko, aukera ona genuke giza eta hizkuntza eskubideen zulo beltz horretarantz begirada zorroztea.



(Norbaitek gehiago jakin nahi badu eta bideoak ikusteko aukerarik izan ez badu, hona hemen:
- http://vimeopro.com/duintasun/bideak/video/51047313
- Erantzuna http://vimeopro.com/duintasun/bideak/ ; eta gurasoei elkartasuna adierazteko, ekarpenak egiteko, iritzia emateko… duintasunbideak@behatokia.org).