Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

166

Musika ona belarrietara

Oskar Elizburu | 2013-02-15 | 17:14:31

Noizbehinka bada ere, ereindakoa erne egin eta ernemuina erakusten hasten da. Ernemuin guri-guria hasieran, ahula baina ederra. Udaberrian ematen da, gehien bat, erne aroa; eta udaberriari begira gauden sasoi honetan, hasi dira agertzen. Poztekoa benetan!


Pulpitu dugun Ereiaro honetatik, euskalgintzako batzuk iritzia eta epaia emateko aukera izaten dugu; hau da, euskararen normalizazioan zein Hizkuntza Politikan egiten direnak baloratzeko eta egin beharko liratekeenak proposatzeko aukera. Argi daukat, egia esateko, bidea zein behar lukeen azaltzen eta administrazioek zer ez duten egiten ematen dugula denbora gehien, lerro gehien. Agian, euskararen normalizaziorako baino, kalterako eta eraso direnen zoritxarreko berriek sumintzen gaituztelako gehiegitan; edo falta denari begiratzeko joera ere badugulako.


Oraingo honetan, baina, belarrira aingeruen ahotsa zirudien musika etorri zait belarrietara, pulpitu honetatik hainbatean iradoki ditugun eta eskatzen ditugun mezuak nahikotxo biltzen dituen abestia. Ereindako hitzek erantzun egokia izan dutela iruditzen zait, eta poztekoa da, jakina! Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuak eman berri dituen adierazpenetan letra ezaguna eta egokia entzun dugu euskaltzaleok.


Eta esandakoak lau lerrotan laburbiltzeko astia hartzea egoki iruditu zait, ikus dezagun zertan gatozen bat eta elkarlanerako bide erosoagoa zerk zabaltzen digun:


Euskara izango da Jaurlaritzaren ardatz. Bizikidetza linguistikoa bizikidetza sozialaren zutabe da eta, horregatik, Hizkuntz Politika "zeharlerroa" izango da Eusko jaurlaritzan; hau da, beste sail guztiek euskara unitate bat izango dute dagokien jarduera esparruan euskararen erabilera bultzatzeko.


Gizartea benetan elebiduna izateko bidean, euskararen erabilera zabalduko duten politikak burutuko dituzte: erabilerarako plana egin; euskaldunon eskubideak bermatzeko zerbitzua sendotu; Euskara Sustatzeko Ekintza Plana martxan jarri; Helduen Euskalduntze Alfabetazea sendotu eta haren finantzaketa sistema egonkortu; Euskarak hedabideetan duen presentzia indartu; Euskara ardatz duen hezkuntza eleaniztuna abiatu, ikasleek ikasketak bukatzean euskaraz, gaztelaniaz eta hirugarren hizkuntza batean hizkuntza gaitasuna lor dezaten; euskal curriculuma garatuko dute hezkuntza maila guztietan...


Honetan guztian Euskalgintzakook lankidetzan izateko aukera ezin hobea du, oraingoan, administrazio nagusiak. Esan nahi nuke, hemendik, ordua dela horrelako planteamendu ausartak eta eraginkorrak hartzeko, eta euskara bere lekura ekartzeko, erdigunera hain zuzen ere.


Lehen esan dut erne aroan ikusten ditudala, askotan eta lan handiz, ereindako mezuak eta ekimenerako proposamenak. Ernai dugun horri, baina, laguntza eman behar dio inguruak. Eta bere ingurua gizarte osoa behar luke, babesa eta tresneria egokiekin uzta oparoago irits dadin bermatzea, behingoagatik! Ereiarotik ernearora eta handik uztarora? Hala bedi!