Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

164

Hizkuntza Politika, batean karea eta bestean area?

Mertxe Mugika | 2013-02-13 | 07:50:08

Nire azken zutabetik hona hainbat kontu izan ditugu hizpide hizkuntza politika alorrean. Batetik, ARRUE ikerketaren emaitzak aurkeztu ziren Soziolinguistika Klusterra Elkarteak antolatutako jardunaldietan. Bertan egon ginenon artean nahiko argi geratu zen eskola kalearen ispilua dela eta kalean ematen den fenomenoa, alegia, ezagutza eta erabileran artean dagoen jauzia, eskolan ere islatzen dela.

Beste ondorio nabarmen bat ere azpimarratuko dut: eskolak behar-beharrezkoak dira herri hau euskalduntzeko tenorean, baina eskolek bakarrik ezin dute, eta ondorio honekin bat egin dute eragile guztiek.

Ikerketa hori ezagutzera eman eta handik aste betera, Gasteizko Legebiltzarrak eskaera luzatu dio Eusko Jaurlaritzari Haurreskola Partzuegoan gaztelania gehiago erabiltzeko. Hasieran, albiste honek aho bete hortz utzi ninduen, albistearen nondik norakoak irakurri eta gero, kezka eta harridura; izan ere, ulertu ezina egiten baitzait EAJk, PPk eta UPDk babestutako ekimena izatea!.

Nire uste apalean neurri honek mesede gutxi egiten dio euskararen normalizazioari. Horrela gauzak, arazoa sortu du arazorik egon ez den toki batean eta, are okerragoa, euskara aurreratuago dagoen arlo batean atzera egitea ekarriko duen proposamen bati atea ireki zaio. Horrelakoak izango ote dira euskararen neurri orekatzaile guztiak?

Ba, ez dakit galdera horren erantzuna zein izango den. Aste honen hasieran hizkuntz politika ardaztuko dituen bost puntuak aurkeztu ditu Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuak Gasteizko Legebiltzarrean. Hala nola, hizkuntza aukeratzeko askatasuna bermatzea, “hizkuntza ahularen” aldeko diskriminazio positiboa egitea, adostasun politiko eta sozial zabala izatea, elkarlana sustatzea, eta euskararen erabilera politikoa saihestea.

Lehenengoari buruz: ardatz honek izango duen bilakaerak esango digu neurri honen egokitasuna. Nik argi daukat, une honetan hizkuntza aukeratzeko zailtasunak euskaldunok ditugu.

Bigarrenari buruz: euskara da ahul dagoen hizkuntza, beraz, ongi etorria ardatz hau. Baina, hau horrela izanik, are zailagoa egiten zait ulertzea arestian aipatu Legebiltzarrean onartutako eskaera.

Hirugarrenari buruz: bat nator horrekin, baina era berean, euskara bere ahultasunetik ateratzea nahi badugu, onartu behar dugu batzuetan hartu behar izango diren neurriek desadostasunak sortuko dituztela; eta espero dut, behingoagatik bada ere, desadostasunak ez etortzea euskaraz bizitzeko hautua egin dugunon aldetik.

Laugarrenari buruz: euskararen normalizazioan behar-beharrezkoa da elkarlanean aritzea. Bakoitzak bere eginkizuna izango du, baina norabidean bat eginda, asko dugu irabazteko.

Azkenik, bosgarrenari buruz: legealdi guztietan entzun dugun ideia, ea oraingoan horrela den.

Ardatz hauek gorpuztuko diren moduan dago gakoa. Herri honek argi utzi du euskaraz bizitzeko hautua eginda duela. Legebiltzarren osaketa berriarekin euskararen normalizazioaren alde urrats emankorrak egiteko aukera asko ikusten ditut. Denborak esango du zein izango den hartuko den bidea, Haurreskolen eskaeraren bidetik bada porrot handi baten aurrean egon gaitezke, eta euskara aterako da berriro ere kaltetuta