Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

160

Euskarara pertsuasioaren bidetik gerturatu behar omen gatzaizkio, ez tentsioarenetik.

Inazio Arregi | 2013-02-11 | 14:07:40

Ez dut zalantza izpirik. Eta motibaziotik, eta ikasteko eta jarduteko gogotik noski. Ez dago hizkuntza bat ikasterik eta erabiltzerik horiek guztiak falta badira. Euskara izan, ingelesa izan edota gaztelera izan. Izenburuko esaldia Luisa Etxenikek esan omen zuen Badu bada erakusketara gidatu zuen bisitan. Iruditzen zait era honetako esaldiak egia borobila izan arren, askotan zerbait egin ez izanaren bekatua estali nahi izaten dutela, eta jarrera defentsibo baten adierazle baino ez direla. Erasokorragoa ezkutatzen ez dutenean.


Zenbat aldiz entzun behar izan dugu euskaldunok inposaketa ez dela bidea, derrigorrean ez dela ezer lortzen. Ondo ez bageneki inposaketak eta derrigortasunak ez dutela hizkuntza ikastera edota ahaztera eramaten. Derrigortzea nahikoa balitz eskola beharrik ere ez legoke.


Euskal hiztunen lana da euskara erabiltzeko gaitasuna dutenak gure esparrura erakartzea. Eta ez direnak gai euskarara hurbil daitezen motibatzea.


Hizkuntza duinduz eta baliotuz bakarrik lor daiteke hori. Lehendakaria, ahaldun nagusiak eta alkateak euskara duintasunez eta egunero erabiliaz, produktu komunikatibo onak eta baliagarriak sortuaz, sarea euskarazko eduki bikainez beteaz, gure intelektualek euskara normaltasunez erabiltzeko gaitasuna dutela erakutsiaz, musika eta literatura euskaldun bikaina sortuaz, lan munduan euskaraz jarduten garela erakutsiaz, eta gutariko bakoitzak lehen hitza euskaraz esanaz.


Eta horrekin batera gure hizkuntza erabiltzeko dugun eskubideari tinko eutsiaz, administrazio, hezkuntza eta lan munduko esparru guztietan. Malgu baina tinko, biak batera izan gaitezke eta. Batzuk, inposaketa, eta egoerak tentsionatzea deitzen diote horrela jokatzeari, gurean egiten den inposaketa bakarra euskaldunen aurkakoa dela kontuan izan gabe.


Pentsatu nahi dut Luisa Etxenikek esandakoak borondate onenarekin egindako hitzak direla. Horregatik gonbidatu nahi dut, motibatu, limurtu, gure mundura jauzi txiki bat egin dezan. Euskararen mundura sartu-irten bat egin dezan. Gustura irakurriko ditut berak euskaraz idatzitakoak, eta entzun esandakoak.