Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

159

... eta (h)arrue nago?

Dani Larrea | 2013-02-09 | 11:10:14

Bi berri dauzkat zuentzat: bata ona eta bestea txarra. Etiketa horiek jartzea zuen esku lagako dut. Bada, gaur hamabost Berriak zekarren moduan, Jaurlaritzak, ISEIk eta Soziolinguistika Klusterrak elkarrekin egindako ikerketa baten arabera, haurrek euskara ikasgeletan erabiltzen dutela gehien. Eta hori ona da, txarra? Eta bestea? Bada, euskararen erabilerak behera egiten duela haurrak hazi ahala.


Eta kontuan hartzen badugu inkestari erantzuten bederatzi eta hamalau urte arteko haurrak aritu direla, esango didazu zer gertatzen den adin horretatik aurrera joan ahala. Atzo bertan gertatu, entzun eta ikusitakoa. Bost laguneko, helduak, koadrilatxoa kalean, elkarrekin berriketan. Seigarren bat (lanbidez irakaslea) hurbildu zaie eta ezagunak dituenez haiek agurtzen eta musuak banatzen hasi da. Hirugarrenari edo: oraintxe eduki dut gelan zure semea (16 urte); ze lotsatia den!. Baina gelakoak oso majoak dira. Hori bai, ez dute euskaraz egiten ezta…!


Adin horretan hori normala da. Geuk ere, ikastolan, ez genuen euskaraz hitz egiten, beste batek albotik. Nik neuk ez nuen euskaraz ikasteko aukerarik izan, beste garai batzuk ziren haiek, eta, egia esan beste zerbait espero nuen euskaraz ikasteko aukera izan dutenengandik, etxekoengandik hasita.


Umeek zer ikusi hura ikasi egiten dutela esaten da eta hala izango da, baina nago hori ez dela kasu guztietan automatikoki gertatzen. Guztiok ezagutzen ditugu etxean euskara hutsez egiten duten gazteak eta koadrilako kideekin berba bakarra ere euskaraz erabiltzen ez dutenak. Zer gertatzen da hor? Egia da gizartea esaten den horrek pisu nabarmena hartzen duela eta eskolarena, aldiz, gutxitu egiten dela.


Pentsatzen genuen eskolak sendatuko zituela gure gaitz guztiak eta orain hau jaso dugu. Bati entzun nion berak ez zuela koadrilako frikia izan nahi. Koadrilako frikia ikastolara joan eta koadrilakoekin euskaraz berba egiteagatik? Nola aldatu diren gauzak…


Eta orduan zer? Bada, partida hau ez dagoela irabazita eta jokatzen jarraitu beharko dugula, ahalik eta gizarte esparru gehienetan jokatu ere, berreskuratze prozesua bizkortzeko.


Gaur, karnabal zapatua izanda, espero dut jende pila batek egunerokoan egiten ez duena (horretarako dira ihauteriak, ez?) egitea.