Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

158

(201)3 Berri On!!!

Leire Solozabal | 2013-02-08 | 14:21:32

Badira Euskarak eta Euskalgintzak ospatu beharrekoak, eta oraindik ere egiteko daudenak. Atzera begiratzen badugu, lan handia egin da sektore guztietan (hezkuntzan, euskalduntze – alfabetatzean, lan munduan, kulturgintzan, aisialdian, zientzian, hedabideetan, teknologia berrietan,…) eta botila erdi beteta beharrean, erdi hustuta ikustea tokatzen dela ematen duen sasoi honetan, badira berri onak ere.


2012ak utzi dizkigun datu batzuk aipatzearren:


- 2012ko Calvet Barometroaren arabera, Euskara munduko 51. hizkuntza da. Munduan guztira dauden 563 hizkuntzak neurtu eta sailkatu dituzte.



- Soziolinguistika Klusterrak 2012an egindako Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, hamar urtean 2,6 puntu igo da euskaraz dakitenen kopurua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Elebidun, seguruenez eleaniztun, gehiago gaude EAEn.



- Arrue proiektuak argitara eman berri dituen emaitzen arabera, eskolan, LH4ko ikasleen artean, gela barruan, %60 aritzen dira euskaraz beti edo gehienetan. Eskolak egindako bidean, demostratu da euskara lehen hizkuntza ez duten ikasleek ere, egunero euskaraz egiten dutela ikaskide eta irakasleekin.



Ez dirudi inork itxaropenez ikusten duenik 2013. urtea, ekonomikoki behintzat. Duela urtebete baino aurreikuspen okerragoak iragarri dizkigute, ustelkeria kasuak behin eta berriro tartean direla. Inguruan dauzkagun aldaketa sakonen aurrean, eszenatoki aldakor, ez-egonkor eta zalantzagarri honen aurrean, Eraldaketa gero eta beharrezkoagoa da. Aurkezten zaizkigun aukerak aprobetxatu behar ditugu. Bestela, datorren urtean, berriro ere aurreikuspen okerrez hizketan arituko gara, egindako urrats eta lorpen garrantzitsuenez aritu beharrean. Ekin diezaiogun beraz, diskurtso berriz, ekimen berriz, ilusioz eta gogoz!.