Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

157

Ereiarotik ereigunera (eta II)

Iker Salaberria Urkizu | 2013-02-06 | 13:21:36

Aurreko artikuluan nioen bezala, egun gizarte eraldaketak zein abiadan gertatzen diren ikusita, euskalgintza bezala, gizarte eraldaketa horretan eragin nahi duen mugimendu batentzat, ezinbestekoa da egoera berri horietara egokitzeko gaitasuna izatea. Egokitzeko gaitasun hori eskuratzeko ordea, aldaketa horiek behar bezala hautemateko, horietara ahalik eta hobekien eta azkarren egokitzen asmatzeko, etengabeko ikasketa edo formazioa garatu behar da.


Horiek esanda, galdera bat utzi nuen erantzuteke, zer-nolako ikasketa prozesua garatu behar luke euskalgintzak? Galdera potoloegia horri erantzun oso eta argi bat emateko gai naizela uste izateko. Baina, gaia mahai gaineratzeaz batera, eztabaida zabaltzeaz batera, aintzat hartu beharreko oinarri batzuk mahai gaineratu nahi nituzke.


Esango nuke, Heziketa Popularraren eskolatik badela zer ikasia. Heziketa Popularra horrela definitu izan da: herri edo sektore batek zapalkuntza sozialeko egoera baten kontzientzia eraikitzea eta egoera hori gainditzeko bere gaitasunak, batez ere antolaketa mailakoak, hobetzea. Bide hori defendatzen dutenen arabera, praktikatik banandutako teoria, hizketaldi hutsa bilakatzen da. Aldiz, teoriatik banandutako praktika aktibismo itsua besterik ez. Horregatik, ez dago benetako praktika bat ekintza-hausnarketa, praktika-teoria alderdien arteko batasun dialektiko batetik aparte. Praktikatik ikasi, teorizatu eta berriro praktika eraberritu bat garatzea bilatzen da.


Uste dut, euskalgintzaren ibilbideak eta eguneroko jardunak, bide hori jorratzea eskatzen duela. Are gehiago, teorizatutako praktika, esperientzia pilotuetan garatzeko premia larria dugula esango nuke. Izan ere, gizarte zientzietan, gizarte eraldaketan, alferrekoa da teoria osatu erabatekoen bilaketa. Egoera eta une konkretuen gaineko praktika garatu behar da eta hori etengabeko praktika-teoria-praktika edo berritu-ikasi-berritu ziklo baten baitan kokatu. Berrikuntza kontuetan aditua den Gary Hamel-ek dioen bezala, gainera, kontuan hartu behar da berrikuntzetan joera esponentziala nagusitzen dela. Alegia, 1000 ideietatik, soilik 100ek izaten dute frogatuak izateko nahikoa oinarri, horietatik 10ek soilik egiten dute aurrera eta azkenean bi edo hiru soilik izan ohi dira arrakastatsuak. Hortaz, zenbat ikastetxetan frogatu beharko genituzke pedagogia metodo berriak (ikas-komunitateak, ikerketa-ekintza...), zenbat hedabidetan landu komunitatea sendotzeko bide berriak, zenbat udalerritan euskaldunon boteretzea eta aktibazioa lortzekoak... eta aldiz, zenbat lekutan garatzen ari gara halako esperientziak modu antolatuan, ondoren, horietatik ikasteko bide sistematikoa eginez?


Bestalde, unibertsitate eremuan kokatzen den hainbat adituk laguntza eta tresnak eskaini ditzaketela uste dut. Errealitatea, praktika sozialak, horien zergatiak, eragileen posizioak... ulertzen lagundu dezakete. Baina, argi izanda, benetako ikasketa emango bada, praktikaren teorizazio prozesu hori protagonista diren horiek, euskalgintzak, eman eta barneratu beharreko kontua dela. Horretarako, ordea, euskalgintzan buru belarri dabiltzanak unibertsitate eremu horrekin gertuko hartu-emana izateak, elkarguneak eratzeak… bidea erraztuko luke.


Bukatzeko, erakundeen etengabeko ikasketa kontuetan aditua den Peter Senge-k azaltzen duen bidetik, ikasi nahi duten erakundeek menderatu beharko lituzketen bost jakintzagaiak aintzat hartzea komeniko litzateke. Hona: erakundeak duen bisioa edo lortu nahi den emaitza behar bezala identifikatu eta bisio horrek errealitatearekiko duen aldea egoki irudikatzen ikastea. Erakundearen pentsamenduan eta harremanetan eragiten duten jarreren eta pertzepzioen kontzientzia hartzea. Helburu bateratu, komuna, irudikatu eta horrekiko lotura, konpromisoa eraikitzen jakitea. Talde ikasketa burutzea. Jakinda, nik zuri sagar bat ematen badizut, nik sagar bat gutxiago eta zuk bat gehiago izango duzula. Baina, nik zuri ideia bat ematen badizut, biok ideia bana izango dugula. Taldean, elkarrizketetan, elkar-harremanean ikasketa eta jarreren aldaketak eraginkorragoak direla, alegia. Azkenik, egile honek ikuspegi sistemikoa izateari, osotasunari begiratzeari eta berau zatien batura baino gehiago dela ikusteari, garrantzia berezia aitortzen dio.


Aipatutakoak beraz, euskalgintzak garatu beharreko ikasketa prozesuaren oinarri batzuk izan litezke. Esan bezala, eztabaidagai eta inori ezer irakasteko anbiziorik gabe botatakok. Baina, sinistuta, benetan bide hori jorratu beharrekoa eta jorratu litekeena dela. Webgune honek berak, bide horretan urrats bat suposatu dezake, baina, harago joan eta egingo al dugu jauzia Ereiarotik Ereigunera?