Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

156

Norberaren lekua hartzeaz

Karmele Aierbe | 2013-02-06 | 13:00:09

Enpowering prozesuak sona handiko bihurtu zaizkigu azken aldian.
Generoari lotuta gehienetan, baina beste eremu batzuetarako ere kontzeptu baliagarria delakoan, euskaldunontzako, adibidez.
Izan ere, euskaldungoa erdaldun masa handiaren baitan bizi da, euskalduna dela disimulatuko balu bezala, ez da ageri, ez da ikusgarri egiten, entzungarri kasu honetan. Euskaldun gehienok ez gara euskaldun agertzen ezezagunen aurrean.


Horrek badu azalpen psikologikoa, "babesgabetasun ikasia" deitzen dena, Martin Seligman estatubatuarraren teoriari jarraiki.


Funtsean, euskaldunok beldurra diogu euskaldun agertzeari aurrekoa erdalduna delakoan eta euskararekiko oldarkorra izan daitekeelakoan.


Hamarkada luzeetako errepresioaren bitarteko isilarazteak horixe ekarri digu, beldurra eta konplexua.
Eta horren ondorioz, erdaldunak euskaldunak oso gutxi gareneko sentsazioa izan dezake, garenak baino askoz gutxiago, fenomeno marjinala, geure hizkuntza zein gu geu. Pentsa une batez bihar goizean hasita 800.000 euskaldun inguruk, garenok, lehenengo hitza euskaraz egingo bagenu, eta zer esanik ez aurrekoak aditzen ez duela esan arte ekingo bagenio. Batetik, erdaldunek beste pertzepzio bat izango lukete gutaz. Bestetik, guk geuk sorpresa handiak hartuko genituzke aurreikusi baino askoz gehiagorekin egin ahal izango genukeelako euskaraz, inolako arazorik gabe. Izan ere, sarritan arazoak guk geuk imajinatu egiten ditugu, aurreikusi, badaezpada, gero errealitatean ez dauden tokian (pertsonengan) ere.


Zeren, zergatik egiten zaio arraro Euskal Herrian bizi den hainbat eta hainbat erdalduni (eta euskaldunei ere) ezezagun bat euskaraz hastea? Ohituragatik, besterik ez. Izan ere, ezezagun bati euskaraz egitea a-normala da gaur egun gure herrian. Baina a-normalitate hori bera, horixe baino ez da, normaltasun falta. Eta "normala" diogunean kopuruaz, sarritasunaz ari gara, besterik ez. Egin dezagun geurean bada, ekin diezaiogun (eta jarrai) geureari. Horrela baino ez dugu gaindituko arraro sentitze hori, horrela baino ez dugu gaindituko geure ezintasuna, ekinez, geure presentzia ugalduz, normalduz.


Eta gure lekua hartzeaz ari garen honetan, jabetu gaitezen geure botereaz. Ez bakarrik asko garelako. Ez bakarrik pentsatzen duguna baino askoz gehiagok uste duguna baino hobeto ulertuko gaituelako. Horrez gain, bada garaia kontsumo gizarte honetan geure eguneroko ekimen sinpleenak, erosketak, geure aldeko bihurtzeko. Izan ere, eta krisi garaiotan are gehiago, geure dirua nori ematen diogun oso garrantzitsua da, eta horrexek ematen digu indarra. Euskaldunei erosteak, eta zer esanik ez euskarazko produktuak badira, geure lekua ikustarazten eta handiagoa (eta horrekin batera errespetatuagoa) egiten lagunduko digu merkatu gizarte honetan.
Noren baimenaren zain zaude?