Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

153

Eman normalizazioa Helduen Euskalduntze Alfabetatzeari!!!

Mertxe Mugika | 2013-01-29 | 22:23:59

153

Duela egun batzuk ospatu genuen, Usurbilen, Korrikak eta AEKk euskara-ikasleei eskainitako omenaldia. Egun hunkigarria alde askotatik begiratuta. Baina niri barruak mugiarazi zidan gertakari batek eman dit hausnartzerako parada. Izan ere, Usurbilko herrian, Euskal Herrian beste herri askotan bezala, auzolanean konpontzen ziren erretako baserriak edota urak hondatutako ukuiluak.


Bada, duela 20 urte baserriak-eta berritzeko dirua bildu zuten Usurbilgo herritarren artean eta, nonbait, dirua soberan geratu zitzaien. 20 urte igaro eta gero, euskararen berreskurapenerako ematea erabaki dute, eta nori eta Korrikari!

Horren berri izan nuenean, hunkitu egin nintzen eta esker ona besterik ez nuen izan ekimen horren sustatzaileekiko. Egunak pasatu ahala, istorio polit honek zer pentsa eman dit.

Euskararen berreskurapenak asko zor dio auzolanari. Hasi ikastolen mugimendutik, jarraitu euskaltegietatik eta amaitu euskara hutsezko egunkari baten sorreran. Zenbat lan eraikinak biziberritzen, zenbat ordu txosna bateko barra ostean! Militantzia ordu asko dago horren guztiaren atzean. Herri honek euskarari dion atxikimendua soberan erakutsita dagoela iruditzen zait. Korrika 18 honetan ikusiko dugu argi eta garbi!

Harira berriro etorrita, euskara ikasleak omendu ditugun moduan, ez al da omentzeko modukoa, inongo zalantza barik, ikasle hauek euskalakari izateko bide horretan lagundu duten milaka euskara irakasle horien guztien lana ere? Zenbat irakasle aritu den lanean, sarritan baliabide oso urriekin, ordutegi luzeak eta desorduetan! Profesional bikainak egon dira, eta daude, Helduen Euskalduntze Alfabetatze arloan. Jendartearen onarpen zabala dute baina, oraindik, ez dute administrazio nagusien aldetik behar besteko errekonozimendua. Bai horixe, lagunok, Helduen Euskalduntze Alfabetatze sektorea egonkortu beharreko arloa da! 1400 profesional inguru biltzen duen sektorea da gurea; lana sortzen du eta, horretaz gain, herri honen elkarbizitzari ekarpen handia egiten dio. Ezin dira ahaztu urtero-urtero euskaltegietan izena ematen duten milaka ikasle horien euskalduntzeaz arduratzen direnak.

Den-dena ez dugu utziko, bada, auzolanean egiteko, ezta? “Eman euskara elkarri” = “Eman normalizazioa Helduen Euskalduntze Alfabetatzeari”