Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

152

Krisia...? Ze krisi?...

Itziar Nogeras | 2013-01-28 | 13:08:58

Bertso-eguneko ekitaldi nagusian izugarri gozatu nuen, baina aurrez beldurtuta egon nintzen, pentsatuz: Ai ama, krisia da gaia, eta ea ez garen oso deprimituta ateratzen Kursaaletik. Zehaztasun gehiago entzun nituen, ondoren, irratiko iragarkian, krisiaren ikuspegi desberdinez eta haiei aurre egiteko moduaz arituko zirela bertsolariak, eta zehaztasun horrek lasaiago utzi ninduen. Ea bada, pentsatu nuen, ea sortzaile paregabe hauek inspiratzen gaituzten. Ekitaldia sormen-jaialdi aparta izan zen.


Espartzuzko soka tenkatua aukeratu dute antolatzaileek aurtengo bertso-eguna iragarri eta sinbolizatzeko. Tenkatu-tenkatua dagoen espartzuzko soka da; ia hari guztiak hautsiak dituena.


Ekitaldian ikusi eta entzundakoek parada eman didate bertan aipatu ez zen ikuspegi bat lerro hauetara ekarri eta haren inguruan gogoeta egiteko. Euskalgintzaren krisiaz egingo dut gogoeta, oso interpretazio librea eta partikularra.


Krisiaren ikuspegi batzuk eman zizkiguten bertsolari eta gainerako sortzaileek, hala nola: Euskal Herritik erbestera lan bila behartuta joan behar izan zuten arbasoena; 40 urteetako krisia zein Peter Pan sindromearena; gaur egun gazteek ikasketak amaitu eta bertan ezin geratzeagatik duten kezkarena; famaren aparrean egon eta aparretik erortzen zarenekoa; harremana garatu edo aberastu gabe bizi den bikotearena, errutinaren morroi; indarrean dagoen sistemaren krisia …


Ia-ia bizitzari aurre egitea bezala da krisia. Nola egiten zaion aurre da garrantzitsua, eta ongi jakitea krisia zer den eta norberak horren aurrean nola kokatu eta jokatu behar duen. Hori bezain garrantzitsua da, nire ustez, erantzukizunez aritu eta norberak dituen erantzukizunez jabetzea. Eta euskalgintzak beti jokatu izan du erantzukizun handiz, ez zuen beti asmatuko hartutako erabakiekin, baina, hala jokatu du, arduraz, egiten duen horretan sinesten duelako, bere xedea eta eginkizuna garbi; ez duelako, eta ez duelako izan, dirua helburu; dirua beharrezko baliabidea du, ezinbestekoa, hori baino ez.


Erabakiak hartzen jarri gintuen Uxue Alberdik Tentazioari kantatu zionean, goxo eta sakon. Nago hark zioen eran Tentazioetan erorita, edo tentazioen aurrean erabaki zuzenak hartuz, aberasgarriagoa litzatekeela bidea. Erortzeko gogo gisa eta ez erortzeko beldur gisa ulertuta tentazioa. Euskalgintzak iparra galdu gabe jarraitu behar du, erabakimenez, apustuak egiten eta bide berriak urratzen, ausardiaz eta erortzeko kezkarik gabe. Baina, berak bakarrik aritu behar du? Bai, bakarrik bai, bere kabuz, baina ez bakardadean. Krisitik kontsideraziorik gabeko egoerara bat-batean igaro ez dadin.


40 urteetako krisiaz hitz egin zigun Jon Maiak eta berak bere hiletan ez zuela egoteko asmorik azaldu zigun umoretsu. Ze ideia ona! Eta, horren harira, galdera bat etorri zait: asmo hori zer da, hazi nahi ez izatearen seinale edo luze eta emankor aritu nahi izatearen seinale?


Gizarte-ekimenetik jaiotako euskalgintzako erakundeak luze irauteko eta emankor izateko jaio ziren. Asko duela 40 urte jaio ziren, gainera, ze kuriosoa.., batzuk urte batzuk lehenago, eta beste, batzuk beranduago; baina, asko buelta horretan. Eraldaketa sakon batzuetarako garaia iritsi ote zaie?


Elhuyarrek bere barnean izan zuen beste krisi bat duela 20 bat urte; 25 urte eskas zituela. Zer izango zen, nerabezaro-krisi berantiar bat? Orduan, erakundeak bere norabidea berrikusi behar izan zuen, eta jarduteko era, estrategia, aldatu. Nik beti pentsatu izan dut, zorionez. Eta garai hartan ere une txar eta zailak pasatu genituen Elhuyarren. Egia da ingurunea, ikuspegi ekonomikotik, ez zela izan orduan gaur egungoa bezain zaila eta zekena. Baina, hala ere, oraindik ere ez ginen bizi azken hamar-hamabost urteotan ezagutu dugun apar ekonomikoan. Orduan, ikuspegi komertziala eta enpresa-ikuspegia harturik, kanpora begira jartzeko erabakiak hartu ziren Elhuyarren, eta baita finantziazio-iturriak dibertsifikatu eta jarduera gizartearen zerbitzura jartzekoak ere.


Orain, beste urrats bat emateko beharra ikusi dugu, Euskal Herritik kanpo ere jardutekoa, baina erroak galdu gabe, sendo.


Kanpora joate hori dela eta, kuriosoa da, dena dela, nola aldatzen diren perspektibak eta ikuspegiak. Duela gutxi Euskal Herritik kanpo egonaldi bat egitea aberasgarria eta aukera ona zen bezala, orain kezka-iturri da ikasle gazteen artean. Ona dena txar bihur daitekeelako, behartuta gertatzen bada, Jone Uriak Andoni Egañarekin batera osatutako bertsoetan ekitaldiaren hasieran esan zigun bezala. Hala ere, beste kulturak ezagutzea aberasgarria da, baita esperientziak partekatzea ere, zu zeurean indartsu egonda, batez ere. Egin dezagun hori era ez traumatikoan.


Urte batzuetako ahaleginaren ondoren, Elhuyarren duela 3 urte Europako beste hainbat herrialderekin hasi ginen partekatzen esperientziak, eta, horrekin batera, finantziazio-iturri berriak aurkituz joan gara. Hori izan liteke, gaur egun, krisi ekonomikoaren irtenbide gisa herri-erakundeetan aldarrikatzen den nazioarteratzea euskalgintzako erakunde batentzat. Baina erroak sendo eduki behar dira horretarako, horrek ezin baitu ezer ordezkatu, ez finantziazioaren ikuspegitik, ezta jardunbidearen ikuspegitik ere. Eta esperientziak partekatuko badira, etxetik bertatik hasi beharra dago, gainera. Horregatik dira garrantzitsuak klusterrak zein elkarteak.


Krisia?... Ze krisi?... kantatuz amaitu genuen bertso-ekitaldia, The Beatles talde mitikoaren Let It Be doinuan. Amaiera aproposa Aitzol Barandiaranek eta Iñaki Gurrutxagak eskaini zigutena, aproposa eta jeniala.


Ni, une honetan, krisiak adina edo gehiago kezkatzen nau herri-erakundeen zein finantza-erakundeen kontsiderazio-gabeziak. Azken horrek asko kezkatzen nau benetan, eta horren arriskua sumatzen dut.


Horregatik, irmo eta bat eginda ikusi nahiko nituzke, baldintza egokiak sortzen, kultura- eta hizkuntza-politiketako arduradunak eta herri-erakundeetako arduradunak, oro har, zein finantza-erakundeetakoak; kontsiderazio faltagatik hain tenkatuta dagoen soka hautsi ez dadin.