Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

150

Arduraz

Igone Lamarain | 2013-01-24 | 11:41:40

Haserre gaude euskaldunok. Erdaldunak jarri dituzte Kutxan orain arte euskaldunak zeuden lekuetan. Azkeneko asteotan Kutxabankek hartutako erabakiaren inguruko iritzi ezberdinak irakurri ditut. Ondo, gure haserrea adierazten ari gara.

Haserre gaude euskaldunok. Espainiako gobernuak hezkuntza-erreforma egin nahi du. Protesta egin beharko dugu. Sindikatuek mobilizazioak deituko dituzte martxoan eta maiatzean hezkuntza-erreformarekin ados ez gaudela esateko. Ondo, gure haserrea adierazteaz gain, mugitzen ari gara.

Baina iritzi ezberdinen artean badaude arretaz irakurri ditudanak. Herri euskaldunarentzat independentziaren beharrezkotasunaz ari dira batzuk. Independentziarik gabe, edo independentzia lortu arte, askoz ere gehiago egin daitekeela diote beste batzuk. Ni ados nago ideia biekin.

Iritziok entzunda ezinezkoa da Txillardegi eta berak lagatako altxor handia gogora ez ekartzea. Orain urte bete bere omenezko ekitaldian bere hitzak gogoratu nituen: "estatuarekin agian bai, baina estaturik gabe euskara ziur ez dela salbatuko" esan zuen berari egindako azken elkarrizketetako batean. Inoren menpe bizi barik euskaldunok geure bidea egiteko behar dugu burujabetza.

Hala ere, Txillardegiren izaera militantea azpimarratu nuen ekitaldi horretan. Euskararen militantea zelako bera. Eta herriaren independentziarik gabe euskaldunok jarrera burujabeak izan ditzakegula argi erakutsi zuelako bere ibilbide pertsonal zein politikoan. Are gehiago, horrelako jarrerak beharrezkoak dira nire ustez.

Euskaraz bizitzearen aldeko jarreretara bideratu beharko genuke geure haserrea. Arduraz jokatu behar dugu euskaldunok, arduraz dugun arduratik. Baita arduradun politiko, ekonomiko eta enpresarialek ere Kutxan langile euskaldunak mantentzeko edota eskola euskalduna indartzeko.

Izan gaitezen ba arduratsu eta joka dezagun guztiok ganoraz Euskaraz Bizi nahi badugu.